GAUR8
Gaur X urte

Matxitxakoko guda, euskal itsas gizonen balentria epikoa

Matxitxakoko lurmuturrak eman zion izena Kantauri itsasoko ur haietan 1937ko martxoaren 5ean jazotako guduari. Errepublikaren alde euskal itsas gizonek gogor egin zuten Canarias itsasontzi faxista espainiarraren aurka; baja ugari egon ziren, baina hain izan zen epikoa, bizirik atera zirenak fusilatu beharrean amnistiatu egin zituztela. 

Matxitxakoko guduaren 85. urteurrenaren omenaldi ekitaldia, iaz.
Matxitxakoko guduaren 85. urteurrenaren omenaldi ekitaldia, iaz. (Irekia)

Matxitxakoko Itsas guda bezala ezaguna den gertaera 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen, 36ko Gerra bete-betean, orain 86 urte.

Hilabete batzuk lehenago, 1936ko urriaren 1ean, hau da, gerra lehertu berritan, euskal kostaldeetara zetozen era guztietako horniketak babestu nahian, garaiko Eusko Jaurlaritzak Eusko Itsas Guradostea sortu zuen. Hainbat itsasontzi prestatu ziren horretarako eta 560 gizon baino gehiago atxikitu ziren; gehienak arratzaleak eta merkataritza ontzietan aritutako itsas gizonak ziren.

Itsasontzi handiak batzuk eta txikiagoak besteak, Bizkaia, Araba, Nabarra, Gipuzkoa, Goizeko, Iparraldeko, Donostia eta Iruña ziren garrantzitsuenak.

Gizon haien misioetako bat izan zen Galdames merkantzia-ontziari eskolta eman behar izatea, eta lan horietan ari zirela gertatu zen lerro hauekin oroitu nahi den efemeridea. Galdames Baionatik Bilbora zihoan, zibilekin, Kataluniako Generalitateko ordezkari batekin, haren familiarekin eta txanpon kargamentu batekin, errepublikarren borroka finantzatzeko.

Aldi berean, Kantauri itsaso nahasi hartan zebilen faxisten Canarias itsasontzia, New Yorketik errepublika laguntzeko abiatu zen itsasontzi bat harrapatu nahian. Eta honek Galdames eta euskal bouekin topo egin zuen. Guda piztu zen orduan, Bilbotik hogei milara zeudela.

Aurrena Gipuzkoa erasotu zuten eta bost hildako utzita, euskal ontziak Portugelete aldera ihes egitea lortu zuen, Galea lurmuturrean zegoen artilleriaren laguntzari esker lehorreratuz.

Bizkaia ontziak ere hanka egitea lortu zuen, baina lehenago Canarias itsasontziak bahituta zuen Yorkbrook itsasontzi estoniarra askatu zuten euskaldunek. Barruko karga ondo babestuz, Bermeoko porturaino eraman zuten. Gainontzeko euskal ontziek egin zioten aurre faxisten erasoaldiari, ausardia handiaz. Hauen baliabideak indartsuagoak ziren, ordea, eta berehala eragin zituzten lehenengo bajak.

Galdames erasotu zuten aurrena, eta lau pertsona hil ziren, emakume bat eta hiru haur. Egoera ikusirik, bertako kapitainak bandera zuria zabaldu eta motorrak gelditzeko agindua eman zuen. Segidan, Donostia ontzia kanoikadaz erasotu zuten, eta honek ere ihes egitea lortu zuen.

Nabarra eta Canarias itsasontziak aurrez aurre, ia bi orduz luzatu zen erasoaldi gogorra hasi zen orduan. Azkena lehenengoaren aurka kanoikadaz gogor oldartu zen hondoratzea lortu zuen arte. Ohorea ohorea zen baina, eta etsaiak harrapatuta izan baino, kapitainak, ofizialak eta beste bost itsas gizonek nahiago izan zuten itsasontziarekin batera hondoratu eta hil. Gainontzekoak faxistek preso hartu zituzten. Nabarrako eskifaia osatzen zuten 49 gizonetatik, hogei baino ez ziren salbatu.

Aurreikusitakoaren kontra, ordea, gizon hauek erakutsi zuten erresistentzia eta balentriarekin faxistak erabat miretsita, fisulatu beharrean amnistiatu egin zituzten eta 1938ko azaroaren 30ean eskuratu zuten askatasuna Donostiako Ondarretako kartzeletik libre gelditu ostean.

Matxitxakoko itsas gudan guztira 40 pertsona hil ziren. Bakarra zen Canarias itsasontziko kidea.