Julen Alberdi «Txikia IV.a», pausoz pauso aizkolaritzaren elitera
Urte bikaina sinatu zuen iaz Julen Alberdi “Txikia IV.” aizkolariak. Sherpa.ai txapelketa nagusian garaile izateaz gain, Banakako Urrezko Aizkolarien Txapelketa eta Donostiako Urrezko Kopa ere irabazi zituen. Larunbatean berekin izandako elkarrizketa argitaratuko du GAUR8k. Hemen aurrerapen txiki bat.
Alberdik Sherpa.ai txapelketa nagusia, urteko hitzordu garrantzitsuena, irabazi zuen udazkenean Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga mendean hartuta. Norbaitek agian aitzakia ipiniko dio gogoratuz Iker Vicente izar nagusia falta zela final horretan. Baina, aurrez, Vicente berari ere gailendu zitzaion Urrezko Aizkolarien finalean edota Donostiako Urrezko Kopan. Eta hori ez dago edonoren esku.
«Hasieran apur bat kolpetik etorri ziren emaitzak izan ziren, eta berdin jarraitu nahi izan nuen lanean. Txapelketak irabazteko helburuarekin bai baina nire buruari presio ‘extra’ hori sartu gabe. Baina azkenean emaitzak oso onak izan ziren eta pozik bukatu nuen», onartu du apal azkoitiarrak 2022ko balantzea egiteko eskatu diogunean.
Esan daiteke, nolabait, 2022an “Txikia IV.”-aren ibilbideak falta zitzaion azken koska igo zuela. Ez dakigu oraindik goia jo duen ala ez, hori denborak erakutsiko du, baina argi dago azken urteetan ematen joan den urrats sendoek aizkolaritzaren punta-puntan kokatu dutela jada.
Eliteraino egin duen ibilbideaz, aizkolaritzaren osasun egoeraz, herri kiroletan ematen ari den biziberritze prozesuaz edota federazioarekin dituzten tira-birez galdetu diogu azkoitiarrari, eta berak zintzo erantzun. Albiste hau hornitzen duen bideoan duzue aurrerapen bat, eta larunbatean erreportaje osoa irakurgai GAUR8n.