Gaur X urte

Gaur dira 41 urte Argentinak indar militarrez Malvina irlak berreskuratu zituela, gerra hasiz

1982ko apirilaren 2an Argentinako indar militarrek Erresuma Batuaren esku zeuden Malvina irlak berreskuratu zituzten, ‘Rosario Operazioa’ deritzonean. Horrela, Malvinetako gerra hasi zen.

Argentinako soldadu bat Stanley edo Puerto Argentino deituriko hirian.
Argentinako soldadu bat Stanley edo Puerto Argentino deituriko hirian. (Wikimedia Commons)

Duela 41 urte, 1982ko apirilaren 2an, Malvina irlak berreskuratu zituen. Irlak Erresuma Batuaren esku zeuden 1833an okupatu zituenetik eta operazioak Malvinetako gerrari hasiera eman zion. Operazioa biktimarik sortu gabe burutu zen.

Nazio Batuen Erakundeak hurrengo egunean Leopoldo Galtieri diktadorea buru zuen Argentinari eskatu zion indar militarrak erretiratu zitzala eta bi gobernuei galdegin zien arazoa bide diplomatikoen bidez konpondu zezatela. Erresuma Batuko gobernuak, Margaret Thatcher lehen ministro zela, ‘Corporate Operazioa’ jarri zuen abian erantzun gisa, maiatzaren 27an.

Urte bereko ekainaren 14an Argentina errenditu egin zen, ‘Corporate Operazioa’-ri aurre egin ezinik, eta gerra galdu zuen. Beraz, Malvina irlak berriz ere geratu ziren Erresuma Batuaren esku, eta horrela izaten jarraitzen du egun ere. Irlen gaineko kontrola eskuratu ez izanak Galtieriren diktaduraren gainbehera eragin zuen eta hilabete berean utzi behar izan zuen kargua. Argentinak eta Erresuma Batuak harremanak etenda dauzkate ordutik.

Malvinak Erresuma Batuaren esku geratu baziren ere, Argentinako konstituzioaren arabera bertako biztanleak argentinar herritarrak dira, nahiz eta ofizialki britainiarrak izan. Izan ere, Argentinak ez du inoiz onartu uharteen gaineko kontrol britainiarra.