GAUR8

Proposamen artistikoak eta astronomikoak heldu dira udaberriarekin Arabako parke naturaletara

Egunsetiko koruaren doinuak, ilargia eta artizarraren behaketa eta eguneko hegazti harraparien sekretuak dira 25 urte betetzen dituen Izkiko parke naturalak udaberrian izango dituen jarduera batzuetako protagonistak.

Izkiko hegaztien inguruko hainbat proposamen dakar udaberriko agendak.
Izkiko hegaztien inguruko hainbat proposamen dakar udaberriko agendak. (Izkiko Parke Naturala)

Paisaiak kolore distiratsuz janzten duen garaia ospatzeko, jarduerez beteriko agenda dakar udaberriak Arabako parke naturalen bisitarientzat. Aurten, gainera, Izkiko Parkea da protagonista nagusia, 25 urte betetzen baitira parke naturala izendatu zutenetik.

Horregatik, hainbat jarduera izango dira bertan apirilean zehar, sketching edo marrazketa azkarreko tailer batekin hasita. Korresen izango da, hilaren 15ean, eta Erdi Aroko arkitektura izango da eredu artistikoa. Amaia Torres ilustratzaile eta arkitektoak eskainiko du tailerra.

Eguneko harraparien inguruko ezagutza beste jarduera baten ardatza izango da. ‘Ezagutu Izkiko eguneko harrapariak’ leloarekin, naturazaleen arreta deitu nahi du proposamenak. Pako Zufiaur ornitologo adituak gidatuko du irteera. Azken urteetan egindako erroldetako emaitzak ezagutaraziko ditu, baita errolda horiek nola egiten diren eta landako harrapakariak nola identifikatzen diren irakatsi ere.

«Egunsentiko korua»

Parkeko hegaztiak beste hitzordu baten izarrak izango dira maiatzaren 20an. Izan ere, hegaztien kontzertua iragartzen du programak, «udaberriko ikuskizun naturaletako» bat den ‘egunsentiko korua’ entzuteko, eta bide batez Izkiko hegazti ohikoenen txorrotxioak identifikatzen ikasteko.

Azken horren aurretik, erlezaintza lantegia egingo da Apellanizen, tokiko erlezain batekin lanbide horren sekretuetara hurbiltzeko.

Landareak eta argazkigintza uztartzen dituen beste proposamen bat dakar programak maiatzaren 21erako, «landareen xehetasunak argazki bidez jasotzeko lantegia» eskainiz. Korresen izango da eta reflex kamera bat beharko dute parte hartzaileek.

Ilargia eta Artizarra

Ilargia eta Artizarraren behaketa da udaberriko agendaren beste hitzordu bitxi bat. Korresko behatoki astronomikoan, teleskopio espezializatuen laguntzarekin eta ‘La otra mitad’ elkarteko kideen azalpenekin gure planetatik hurbilen dauden bi astroez gozatzeko aukera eskaintzen du jarduerak, maiatzaren 26an, 22.00etatik 23.30era.

Prudentzio Deunaren bezperako bisita gidatu batek ixten du egitaraua. Markizen (Bernedo) izango da, herriko bizilagun baten eskutik, herriaren historia, arkitektura eta txokoak ezagutzeko.

Ondare historikoa ezagutzera bideratutako beste proposamen bat dago apirilaren 22an, Gorbeiako parke naturalean, kasu honetan. Muruko errotan hasiera izango duen ibilbide batean zehar Zubialde ibaiaren inguruan bizi izan ziren komunitate txikien bizimoduak ezagutuko dituzte parte hartzaileek.

Errota zaharberrituan, erabilera eta funtzionamendua azalduko dute gidariek, eta antzinako karobi batera eta erlategira hurbildu ahal izango dira bisitariak. Magalena baselizaren inguruak gordetzen duen istorio bitxia da hitzorduaren beste puntu erakargarrietako bat.