Benito Mussolini eta Clara Petacci exekutatu zituzten italiar erresistentziako kideek
Orain 78 urte Benito Mussolini eta Clara Petacci exekutatu zituzten. Aliatuak Italian barrena aurrera zihoazela, alemaniarren babesa galdu zuenean, Suitzara ihes egin nahi izan zuen Ducek, baina erresistentziako talde batek atxilotu eta fusilatu zuen, bere bikotekidearekin batera, 1945eko apirilaren 28an.
Benito Amilcare Andrea Mussolini ‘Duce’ 1883ko uztailaren 29an jaio zen Italiako Emilia-Romagna eskualdeko Dovia di Predappion. 1914an Lehen Mundu Gerra lehertu zenean, bere herriaren neutraltasuna defendatu zuen hasieran, baina segidan aldatu zuen iritzia eta, ondorioz, zuzentzen zuen ‘Avanti!’ egunkaritik eta Alderdi Sozialistatik kanporatu zuten.
1919an, Fasci Italiani di Combattimento taldea sortu zuen, Alderdi Nazional Faxistaren oinarria. Herrialdea krisi ekonomiko eta politiko latzean sartua zegoenez, sektore kontserbadoreak bere alde jarri ziren eta gerraosteko sumina baliatuz, Erromarako Martxa antolatu zuen milaka Alkandora Beltzekin, bere burua komunista eta sozialisten aurkakotzat aurkeztuz.
Egun batzuk geroago, Viktor Emanuel III.a erregeak gobernua antolatzeko agindua eman zion. Antzinako Erromako buruzagi militarren antzera, Duce (latinez, gidaria) titulua hartu zuen eta legez kanpo utzi zituen alderdi, sindikatu eta hedabide ez faxista guztiak.
1925 eta 1929 urteen tartean diktadura faxistaren oinarria ezarri zuen eta ondorengo urteetan ildo beretik jarraitu zuen Italiak. Kanpo politika oldarkorra egin zuen; bertzeren artean, Etiopia eta Albania inbaditu zituen, eta Francori lagundu zion 36ko Gerran.
Bigarren Mundu Gerran, Hitlerrekin bat egin zuen. Aliatuek aurrera egin eta alemaniarren babesa galdu zuenean, Suitzara eskapo egin nahi izan zuen, baina Italiako erresistentziako talde batek atxilotu eta Clara Petacci neska-lagunarekin batera fusilatu zuen.