GAUR8
Gaur X urte

Supergako basilikaren aurka jo zuen Torino futbol klubeko kirolariak zituen hegazkinak

Torino futbol talde italiarra 40. hamarkadan futbolean goi-mailan ibiltzeaz gain, izandako istripuarengatik izan zen ezaguna. Supergako basilikaren aurka jo zuen futbolariak eta klubeko ordezkari ezberdinak zeramatzan hegazkinak. Bidaiari guztiak hil ziren istripuaren ondoren.

Supergako istripuaren ondorioak erakusten dituen argazkia.
Supergako istripuaren ondorioak erakusten dituen argazkia. (Wikipedia)

Italian inpaktu handia sortu zuen istripua izan zen Supergako basilikaren aurka hegazkinak jo zuenekoa. Gaur 74 urte gertatu zen aipaturiko istripua Turin hirian. Torino Futbol Klubeko kideak zeuden barruan, eta ez zen inortxo ere salbatu.

31 hildako izan zituen guztira istripuak, eta futbol taldeko kide guztiek galdu zuten bizitza, hemezortzik hain zuzen ere. Garai horretan, 1940. hamarkadan, munduko futbol talde onenen artean zegoen Torinoko taldea, hurrengo urtean Brasilen ospatzekoa zen mundialerako prestatzen zebiltzan gehienak. Italiako futbol selekzioko hamaika jokalaritik hamar hegazkinean zeuden. Xico Ferreiraren agur partida jokatzetik itzultzen ari zirela, Lisboatik, S.L Benficaren aurka jokatzetik.

Itzuleran, geroz eta gehiago ari zen okertzen eguraldia, behelainoak hartzen zuen guztia, eta 40 metrora zer zegoen ere ez zela ikusten kontatzen dute egun hartan lanean ibilitakoek. Elizkizunaren egunean milioi erdi bat herritar gerturatu ziren Turineko plaza nagusira, azken agurra ematera. Horrenbestekoa izan zen istripuak izandako inpaktua, hurrengo urtean Brasilen jokatzen zen mundialera itsasontziz joan zela futbol taldea.