GAUR 8
Gaur X urte

43 urte Everesteko gailurrean Martin Zabaletak ‘Gora Euskadi askatuta!’ oihukatu zuenetik

Maiatzaren 14an 43 urte beteko dira Euskal Espedizioko bi kidek, Martin Zabaleta hernaniarrak eta Pasang Temba xerpa nepaldarrak, Everest, munduko gailur garaiena (8.848 metro), zapaldu zutenetik. 1983ko arratsalde hartan Zabaletak munduaren begietan jarri zuen Euskal Herria, kutsu politiko handia izan zuen kirol balentrian.

‘Egin’ egunkariaren hurrengo eguneko azala.
‘Egin’ egunkariaren hurrengo eguneko azala. (NAIZ)

«Gora Euskadi askatuta!» oihu ozena bota zuen Martin Zabaletak Everesteko gailurretik 1983ko maiatzaren 14an. Ondoan, Pasang Temba xerpa irribarretsu eta Nepaleko ikurra zituen. Irudiak hautsak harrotuko zituen Estatu espainiarrean. Gurean, ordea, oraindik gehienok gogoan dugun egun handia izan zen, itzela.

Espainiako komunikabideek larrutu egin zuten Zabaleta, ikurrina jarri izanagatik eta bere iritzi independentistak hain argi adierazteagatik. Estatu espainolak nahiko irudi kaskarra zeukan munduan, Francoren diktadura bukatu berritan, eta konkista handia zen espainiar bat munduko gailur garaienera hain garaiz eraman izana, alpinismoan sona eta tradizio handiagoa zuten nazio askok baino lehenago lortzea munduko gailur garaienaren konkista. Asmo horretan atzera egitea beste erremediorik ez zuten eduki.

Kamisetak, mendiak, oroitzapenak

Gailurra jo ondoren, euskal espedizioak hilabete osoa behar izan zuen etxera bueltatzeko. Sondikako harrera Euskal Herrian betiko gogoratuko den horietakoa izan zen: jendetza nonahi, herritar xumeak heroien pare. Carlos Garaikoetxea lehendakaria zena ere zain zegoen aireportuan. Handik Hernanira bidean ere jendetza, Zabaleta jainkotuz. Euskal Herriko azken txokoetan ozen ospatu zen Euskal Espedizioaren lorpena. Herri, nazio, baten lorpena izan zen.

Egun haietan askok oso ezaguna egin zen kamiseta zuria zeramaten jantzita; alegia, 1980ko maiatzaren 15eko ‘Egin’-en azalean lorpen handi honen berri ematen zuen argazkia eta albistea zeraman kamiseta. 

Martin Zabaletak ez du mendia utzi. Orain bi urte Montanatik, azken hamarkadetan AEBn bizi delako, GARAri egindako adierazpenetan, oso gogoan zuen orduko giroa. «Arrakasta itzela izan zen Euskal Herrian, eta uste dut Everesteko igoera hura gure herriarentzat sinbolo bat izan zela», aipatu zuen.

Baita ere, iragan den denborak ematen duen ikuspegiarekin, hauxe zioen: «Gailurra zapaltzeak kristoren ilusioa egin zidan, baina dagoeneko hamarkada asko igaro dira. Egun, zendutako espediziokideak ditut gogoan».