NAIZ
Gaur X urte

Santiago Arana, Sabin, Luis eta Paulina Arana Goiri anai-arreben aita, jaio zela 200 urte

Gaur 200 urte jaio zen Santiago Arana Antsotegi, Sabin, Luis eta Paulina Arana Goiri anai-arreben aita. Abandon jaioa, elizate honen alkate izan zen, baita Gernikako Juntetxean ordezkari. Bere garaiko armadore nabarmenetako bat izan zen Bizkaian.

Arana familia bizi zen etxea, Abandon.
Arana familia bizi zen etxea, Abandon. (NAIZ)

1823ko maiatzaren 24an Santiago Arana Antsotegi jaio zen Abandoko elizatean, gaur egungo Bilbon. Sabin, Luis eta Paulina Arana Goiri anai-arreben aita izateagatik ezaguna da gaur egun, baina pertsonai nabarmena izan zen bere garaian.

Armadore garrantzitsua izan zen, Bizkaiko hoberenetariko bat. 1847tik aurrera Aranatarren ontzioletan 100 itsasontzi eraiki ziren. Lehenengoa, Maria Ignazia izenekoa, 1848ko urtarrilean uretaratu zen.

1859an izan zuen lehen alaba, Paulina Arana Goiri. 1862an Luis jaio zen, eta 1865ean Sabin. Gaur egungo Sabin Etxea dagoen solairuan zegoen eraikin batean bizi zen familia.

Politikan ere parte hartu zuen, Abandoko Elizateko alkate eta Gernikako Batzarretako ordezkari izatera iritsiz. Bere alaba Paulina de Arana Goirik hein batean argitaratutako ‘Memoriak’ lanean, karlismoaren alde egindako parte-hartze finantzario eta pertsonal garrantzitsuaz dakigu. Besteak beste, Ulibarri jeneral karlista Santiago de Aranak Erripako kaian zuen etxean ezkutatuta egon zen, 1872ko apirileko altxamendua baino lehen.

1883ko ekainaren 24an zendu zen, 60 urterekin. Baina aztarna handi bat utzi zuen, batez ere seme-alabengan. Izan ere, urte batzuk geroago eragile garrantzitsuak izan ziren euskal politikan.