Librezale, bi hamarkada software librea euskarara ekartzen
Euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen Librezale lantaldeak bi hamarkada bete ditu. Software librea lehenesten duen talde honek 2003ko ekainaren 7an burutu zuen lehen aurrez aurreko bilera Bilbon.
«Librezale lantaldea irekia da, ez dauka egitura finkorik, eta edozeinek har dezake parte nahi duen modura eta nahi duen denbora eskainiz». Horrela aurkezten du bere burua Liberzale taldeak.
Baina zer da eta nola sortu zen? Data esanguratsu batzuk daude: 2002. urtean Mozilla Euskaraz proiektuaren foroan, software librea euskarara itzultzeari ekin zioten eta software libreari buruz euskaraz solas egiteko foro bat ere sortu zuten. 2003ko ekainaren 7an, hau da, orain hogei urte, lehen aurrez aurreko bilera egin zuten Bilbon. 2009an, Argia sari bat jaso zuten.
2020ko biltzarrean onartutako funtsezko printzipioen arabera, esaterako, taldearen autonomia bermatzeko, diru-laguntzarik ez eskatzea (instituzio zein enpresa handienak) adostu zuten. Giza eskubideekiko konpromisoa dute oinarri eta, bestalde, software librearen lau askatasunak sustatzea onartu zuten; hau da, «helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea, aztertu eta aldatu ahal izatea (horretarako beharrezkoa da kodea eskuratu ahal izatea), kopiatu ahal izatea eta hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.
Azkenik, orokorrean, IKT libreak bultzatzea onetsi zuten; esaterako, estandar irekiak (hardwarea, softwarea, protokoloak...), lizentzia libreak dituzten edukiak, burujabetza teknologikoa...