Duela 20 urte kaleratu zen ‘Berria’ egunkariaren lehenengo alea
2003ko ekainaren 21ean atera zen ‘Berria’ egunkariaren lehenengo alea, orain dela 20 urte. Euskaldunon Egunkaria itxi zuten ondoren euskara hutsezko egunkari bakarra izatearen lekukoa jaso zuen ‘Berria’k.
Urte bereko otsailean Espainiako Auzitegi Gorenak Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, ekainean, ‘Berria’ oinordekoa sortu zuten eta hilak 21ean lehendabiziko alea kaleratu zen, gaur 20 urte. Ordutik, euskara hutsean argitaratzen den eguneroko bakarra da, paperezko euskarrian naiz edizio digitalean.
‘Argia’ aldizkariak aurreko egunean jakinarazi zuenez, 92 orrialde izan zituen lehenengo ale horrek eta 50.000 kopia banatu ziren Euskal Herri osoan zehar. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeak hartu zuen erredakzio nagusia baina ordezkaritza bana jarri zen Gasteizen, Iruñean, Barakaldon eta Baionan.
Sortu zenean, Joxean Lizarribar izan zen ‘Berria’ Taldeko lehendakari eta Martxelo Otamendi egunkariaren zuzendari. Gaur egun 23.000 akziodun dituen Euskarazko Komunikazio Taldea S.A. enpresaren menpe dagoen Euskal Editoreak S.L. da egunerokoaren jabe. Hasieratik Sozietate Anonimo gisa sortu zen, 24.000 lagunek egindako diru-ekarpenari esker.
Beranduago, tokian tokiko euskara-elkarteen eta gizarte eragileen laguntzarekin eskualdetako ‘Hitza’ argitalpenak sortu zituen ‘Berria’k. Lurraldekako aldizkariekin batera batera, ‘Tolosaldeko Hitza’, ‘Oarso Bidasoako Hitza’, ‘Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza’, ‘Urola Kostako Hitza’, ‘Goierriko Hitza’, ‘Irutxuloko Hitza’, ‘Busturialdeko Hitza’ eta ‘Alea.eus’ argitaratzen dituzte.