GAUR8

Artxanda eta Burdin Hesiaren defentsa egituraren historia, bisita gidatuetan

‘Gerra Zibila Bilbon: Atzera begira’ izenburupean, ibilaldi gidatu berriak antolatu dituzte uztailean zehar Artxandara, Burdin Hesian izan zen puntu garrantzitsu horren inguruko historia berreskuratzeko. Parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izen ematea.

Burdin Hesian Artxandak izan zuen garrantzia nabarmenduko dute. Ibilaldien kartela, irudian.
Burdin Hesian Artxandak izan zuen garrantzia nabarmenduko dute. Ibilaldien kartela, irudian. (Bilboko Udala)

‘Bilbao izan' programaren oinezko bisita gidatuak itzuliko dira uztailean zehar Bizkaiko hiriburura, ‘Gerra Zibila Bilbon: Atzera begira’ izenburupean. 1936ko gerran, Artxandan eta inguruetan bizi izan ziren uneak gogoraraziko dituzte.

Testuinguru historikoa kokatzeko gogoratu dute 1937ko martxoan, iparraldeko fronteko erasoaldia berpiztu zela. Une hartan, Artxandak paper berezi bat jolasten zuen gerran, oso agertoki garrantzitsua baitzen hiriaren defentsarako altxatutako Burdin Hesiaren barruan.

Ibilaldiak uztailaren 4tik 30era egingo dira, oinez, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute. Doakoak diren arren, beharrezkoa da www.bilbaokultura.eus webgunean izena ematea. Azken hilabeteetan izandako ibilaldi txanda ezberdinen ostean, azken honetan parte hartzeko izen-ematea astelehen honetatik egin daiteke jada, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Ibilbideen ordutegiak

Bisitak hasteko topagunea Funikular plaza izango da, beheko geltokian. Gaztelaniazko ibilbideak 18.00etan hasiko dira astearteetan, 11.00etan eta 13.00etan asteazken eta ostiraletan, 11.00etan ostegunetan, 10.30ean eta 12.30ean larunbatetan eta 12.00etan igandeetan.

Euskarazko bisitak, aldiz, ostegun arratsaldetan izango dira, 18.00etatik aurrera. Edonola ere, euskarazko taldeen kasuan, taldearekin adostuko dira eskatutako data eta ordua; horretarako, eskaera bidali beharko da posta elektronikoz cultura@bilbao.eus helbidera.

‘Bilbao izan’, batez ere, bertako biztanleei zuzenduta dago, baina irekita dago, era berean, hiria bisitatzen duten pertsonentzat eta hiribilduaren ezagutzan sakondu nahi duten guztientzat, zehaztu dutenez.