GAUR8

Gazte-informazioko korrespontsalen programa martxan Nafarroan

Gazteentzako informazio korrespontsalen programa aktibatuko du Nafarroako Gazteriaren Institutuak bost udalerritan. Porgramaren barruan, beken, ikastaroen, mugikortasunaren edota ongizate emozionalaren inguruko informazioa partekatuko dute.

Gazte informazioaren hedapena hobetu nahi du programak, gazteen kanalak baliatuz.
Gazte informazioaren hedapena hobetu nahi du programak, gazteen kanalak baliatuz. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteentzako informazio korrespontsalen programa jarri du abian datorren ikasturterako. Bertan, hamabi ikastetxetako ikasleek informazioa zabalduko dute beren ikaskideen artean.

Bekak, prestakuntza-ikastaroak, aukerak, mugikortasun programak eta ongizate emozionala dira gai horietako batzuk, Gobernuak ohar batean aurreratu duenez.

Parte hartzen duten ikastetxeak Aranguren Ibarrean, Lizarran, Tafallan, San Adrianen eta Eguesibarren daude. Udalerri horiek Nafarroako Gazte Informazio Sareko gazte-informazioko zerbitzua dute, eta banaketa geografikoaren eta gazteen presentziaren irizpideen arabera hautatu dira.

Horrela, Nafarroako Gobernuak, INJen bitartez, programa hau beste udalerri batzuetara zabalduko du, gaur egun, Iruñean eta Altsasun bakarrik garatzen baitira horrelako programak, udalen ekimenez.

Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen artean gazte-informazioaren hedapena hobetzea da helburua, gazteek eurek egina eta kanal propioen bidez.

Gazte-informazioak gazteentzat interesgarriak diren gai guztiak biltzen ditu, eta gizarte-talde hori modu integralean orientatzea eta aholkatzea du helburu.

Orain arte, tokiko gazteentzako informazio eta aholkularitza zerbitzuek eman diete informazioa eta kalitatezko orientazioa haietara joaten ziren gazteei, eta erabaki informatuak hartzen lagundu diete.

Korrespontsaliak zeregin hori osatzera datoz, planteatu dutenez. Izan ere, informazio-zerbitzuek emango diete ondoren ikaskideen eta lagunen artean zabalduko duten informazioa, besteak beste.

Era berean, korrespontsalek interesgarritzat jotzen duten informazioa bildu eta zabaldu ahal izango dute, bai beren ikastetxeak sortutakoa, bai kanpokoa.

Nabarmendu dutenez, proposamen honen helburuak dira gazteentzako informazio-zerbitzuak hobetzea, gazteen parte-hartzea sustatzea gazte-informazioaren arloan, aisialdi hezitzailea eta balioetan oinarritutako hezkuntza sustatzea eta kalitatezko informazioa berdintasunez eskuratzea erraztea eta aukera berdintasuna lortzen laguntzea.