GAUR8

‘Atlas’ suziri modularra jaurti du Bilboko Ingeniaritza Eskolako Bisky Team-ek

EHUko Ingeniaritza Eskolako Bisky taldeak arrakastaz jaurti du garatu duen azken suziri modularra. Atlas du izena, 1,8 metroko garaiera du, eta aireratzean, segundu gutxitan 760 kilometro orduko abiadura hartu zuela azaldu dute. Europa mailako txapelketa batean lehiatzeko asmoa du taldeak.

Bisky Team-ek garatutako ‘Atlas’ kohete modularra.
Bisky Team-ek garatutako ‘Atlas’ kohete modularra. (UPV/EHU)

EHUko Ingeniaritza Eskolako Bisky Team koheteria taldeak arrakastaz jaurti du bere lehen suziri modularra. Ohar batean azaldu dutenez, ikasleek diseinatutako 1,8 metroko garaierako dispositiboa 2.200 metro inguruko altuerara iritsi zen, «taldearen aurreikuspenak betez».

Uztailaren 3an burutu zuten jaurtiketa. Hiru orduko prestaketen ondoren, eta aurretik dena ondo zegoela egiaztatzeko bi simulakro egin ostean, kohetea aireratu zuten, segundu gutxitan 760 kilometro orduko abiadura hartuz, zehaztutakoaren arabera.

«2.200 metro baino gehiagoko gorenera iritsi ondoren, jausgailuak zabaldu ziren jaitsiera-abiadura eta jarraituko zuen ibilbidea erregulatzeko, azkenean aireratzeko lekutik metro gutxira lurreratuz», azaldu dute.

Moldagarritasuna

Atlas kohete modularraz duen moldagarritasuna nabarmendu dute: «kohete hori osatzen duten 4 moduluetako bat edo batzuk atera eta trukatu daitezke, eta hainbat sistemarekin esperimentatu, kohete berri bat egin beharrik gabe, baliabideak optimizatuz eta, horrela, ahalegina eta denbora aurreztuz».

Suziria garraiatzea eta biltegiratzea ere errazagoa dela esan dute, eta horri esker «kohetea optimizatu eta materialik eta elementurik onenak» hauta daitezkeela azpimarratu dute. Beste urrats bat taldearen azken helburua garatzeko: «Cosmox suziria lurretik 100 kilometrora dagoen Karman lineara iritsi eta espaziora iristi ahal izateko».

Hainbat ikasketa lerrotako 50 ikaslek osatzen dute Bisky Team taldea, eta aurten, European Rocketry Challenge (EuRoC) unibertsitatean Suzirien Europako txapelketan lehiatzeko asmoa du, aurreratutakoaren arabera.

2017-2018 ikasturtean jaioa, azken honekin sei suziri jaurti eta bere suziri-motorra garatu du. Suziri propioa beharrezko teknologia guztia garatzea da bere helburua.