GAUR8
Gaur X urte

Gaur 36 urte Juan Carlos Garcia Goena hil zuen GALek, gerra zikinaren azken biktima ofiziala

Juan Carlos Garcia Goena izan zen GALen azken biktima ofiziala. 1987ko uztailaren 24an hil zen, lanera zihoala autoaren azpian itsatsitako bonba batek eztanda egin zuenean. Tolosarra, zazpi urte lehenagotik Hendaian bizi zen soldadutzatik ihes egiteko.

Laura Martin eta Juan Carlos Garcia Goena, Maider alabarekin.
Laura Martin eta Juan Carlos Garcia Goena, Maider alabarekin. (@laurasugoi)

1987ko uztailaren 24ean GALek Juan Carlos Garcia Goena tolosarra hil zuen Hendaian, lanera zihoanean. 28 urte zituen eta Iparraldean erbesteratu zen zazpi urte lehenago emaztearekin, soldaduskatik ihes eginez.

Autoan jarritako bonba batek Garcia Goena hil zuen Transfesa enpresara lanera zihoala. Badirudienez, atentatuaren helburua ez zen hura, Juan Bautista Argote ustezko ETAkidea baizik. Horrela ziurtatu zuten Melchor Miralles eta Ricardo Arques kazetariek.

Berea izan zen GALek aldarrikatutako azken atentatua. «Jean Louis» polizia frantziarraren, «Carlos» guardia zibil eta Cesideko kidearen laguntzarekin burutu zen ekintza, Jose Amedo gerra zikinean parte hartu zuen polizia ohiak azaldu zuenez.

Juan Carlos Garcia Goena Tolosako argiketaria kontzientzia-objektorea zen. Hilketaren momentuan, bi alaba zituen eta emaztea hirugarrenarekin haurdun zegoen.

Garcia Goenaren emaztea zen Laura Martinek 30 urtez egin zuen ikerketa funtsezkoa izan zen Espainiako Auzitegi Nazionalak auzia berriro zabaltzeko eta senarraren aurkako atentatua argitzen saiatzeko. Hala ere, Justiziak beste alde batera begiratu zuen, beste gerra zikin askotan bezala.

Urte batzuk lehenago, Martin izan zen Covite kolektiboaren bultzatzaileetako bat. Talde honen presidente ordea izendatu zuten 2014an.