GAUR 8
Gaur X urte

Edurne Pasabanek 50 urte bete ditu gaur

50 urte bete ditu gaur Edurne Pasabanek. 14 zortzimilakoak, planetako mendirik garaienak, igo dituen lehen emakumea da gipuzkoarra. Historian arrastoa utzi duen balentria 2001 eta 2010 artean osatu zuen.

Edrune Pasaban K2 igotzen. (Edurne Pasaban)
Edrune Pasaban K2 igotzen. (Edurne Pasaban)

Gaurko egunez 1973an jaio zen Edurne Pasaban Lizarribar tolosarra, munduko hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea. Mendiarekiko zaletasuna oso goiz hasi zitzaion eta familiak lagundu zion horretan. 14 urterekin, Tolosako mendi elkartearekin hasi zen eskalatzen eta, 1989an, 16 urte besterik ez zituela, Alpeetara joan zen lehenengoz. Mont Blanc (4.810 metro), Cervino (4.478 metro) edo Monte Rosa (4.614 metro) igo zituen.

2001eko maiatzaren 23an igo zuen lehen zortzimilakoa, Everest. 2005era arte beste 7 gailur igo zituen baina, urte hartako udan depresioan erori zen, eta urte eta erdian abandonatuta izan zuen 14 zortzimilakoak egiten zituen lehen emakumea izateko asmoa. 2007an berriz bere onera etorri zen, eta 2007ko uztailaren 12an, bere bederatzigarren zortzimilakoa etorri zen: Broad Peak (8.047 metro).

2010eko udaberrian alpinista tolosarrak urrats handia eman zuen hamalau zortzimilakoak egin dituen lehen emakumea bilakatzeko. Izan ere, Annapurnako (8.091 metro) tontorra Pasabanen hamahirugarren zortzimilakoa zen, eta hilabete geroago lortu zuen hamalaugarrena, Shisha Pangmara igota.

Gaur egun, Pasabanek kirol ibilbidea eta ibilbide profesionala uztartzen ditu hizlari eta coach gisa nazioko zein nazioarteko enpresetan. Neurrira diseinatutako hitzaldiak, prestakuntzak eta tailerrak antolatzen ditu, eta, horietan, taldeei eta pertsonei laguntzen die alpinista gisa izandako esperientzien bidez, beren enpresa-helburuak lortzera iritsi daitezen.