GAUR 8
Gaur X urte

ETAk Meliton Manzanas hil zuen gaur 55 urte

1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk Meliton Manzanas, espainiar Poliziaren inspektorea, Gestapoko kolaboratzaile ohia eta torturen eta tratu txarren saioak zuzendu eta horietan parte hartzeagatik ezaguna.

1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk Meliton Manzanas.
1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk Meliton Manzanas.

Gaur duela 55 urte ETAk Meliton Manzanas espainiar Poliziak Gipuzkoan zuen Brigada Politiko-Sozialeko burua hil zuen Irunen, erakundearen aurrez pentsatutako lehen atentatutzat hartzen den erasoan.

Manzanas Donostian jaio zen 1909an. 1937an, estatu kolpe frankistaren ondoren, Guadalupeko gotorlekuan (Hondarribian) espetxeratu zuten agintari errepublikarrek, matxinatutako tropekiko begikotasuna zela eta. Frankistek hiria hartu zutenean, askatu egin zuten, eta ‘Flechas Verdes’ taldearekin gerran hartu zuen parte gatazka amaitu arte.

Gerra ostean, espainiar Poliziako kide egin zen, Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialean hain zuzen ere. Gainera, Gestapo alemaniarrarekin aktiboki kolaboratu zuen, eta nazien okupazioan zehar Frantzia hegoaldeko mugatik ihes egiten saiatzen ziren juduak atxilotzen lagundu zuen, besteak beste.

Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko buru izanik, antifrankista asko atxilotu eta torturatu zituen. Bere eskuetan erori ziren atxilotu politiko askok torturatzaile basatitzat jo dute, Euskal Herriko diktadura frankistaren errepresioaren adierazle nagusi bihurtzeraino.

Curriculum izugarri horren aurrean, ETAko zuzendaritzak hiltzea erabaki zuen «Sagarra» Operazioaren baitan.

Espainiar Gobernu frankistak hilketari erantzun zion, eta salbuespen-egoera ezarri zuen Gipuzkoan hiru hilabetez; gero, egoera hori beste hiru hilabetera zabaldu zen.