GAUR8

Informazio ozeanografiko berria eta iraganekoa, euskal kostaldeko sedimentuetako mikrorganismoei esker

EHUko Geologia Saileko bi lanek informazio ozeanografiko berria bildu dute euskal kostaldeko sedimentuetako organismo mikroskopikoen ikerketan oinarrituta. Mikrofauna horren analisiek ozeanoen iraganaz gehiago jakiteko datu berriak ere eman dituzte.

Armintzako flischa, irudian.
Armintzako flischa, irudian. (UPV/EHU)

EHUko Harea-Itsas Bazterreko Geologia eta Kretazeo eta Paleogenoaren ikerketa-taldeek ikerlan bana argitaratu dute euskal kostaldeko sedimentuetan dagoen mikrofaunaren analisian oinarrituta.

Ohar batean gogoratu du unibertsitateak argitalpen berriak «oraina iraganaren gakoa dela» dioen geologiaren printzipioaren «adibide argiak» direla.

Ana Pascual ikertzaileak gogoratu duenez, 30 urte daramatzate mikropaleontogian lanean, sedimentuetan dagoen mikrofaunaren zati bat aztertzen, iraganeko baldintza ozeanografikoak ezagutzeko.

Iraganari buruzko azterlanaz gain, gaur egungo zenbait ozeano-gertakizun aztertu dituzte organismo horiek ikertuz. «Izan ere, leku batean gertatzen den baldintzen arabera, aldatu egiten da itsas organismoen talde ugari horiek dituzten espezieen osaera eta banaketa», zehaztu du Pascualek ondorioztatutakoa azaltzeko.

Golkoan sartzen diren itsaslasterrak

Adibide gisa aipatzen du EHUk ikertzaileek ikusi zutela «euskal plataformaren ekialdeko ertzean foraminifero planktonikoak metatzen direla, eta hori bat datorrela euskal kostaldeko ur-azaleko itsaslaster orokorrarekin (urte ia osoan ekialderantz doa). Ur subtropikaletako eta eremu subpolarretako espezie tipikoen presentziak halaber adierazten du Bizkaiko Golkoan zenbait itsaslaster sartzen direla, egungo arrantzarako hain garrantzitsuak diren upwelling (ur masa sakonen igoera) tipokoak barne».

Mikroorganismoen behaketak erakutsi du «gaur egun Armintzako flysch beltza deritzona sorrarazi zuten sedimentuak metatu zirenean zegoen giroa eta ozeano-baldintzak berreraikitzeko, duela 113 milioi urte hasi zen Behe Kretazeokoak (Albiarra) eta duela 94 milioi urteko Goi Kretazeoaren hurrengo aldikoak (Zenomaniarra)».

Armintzako flyscharen berezitasuna da sedimentu iluna dela. «Kretazeoaren eta Paleogenoaren ikerketa-taldeko Luis Miguel Agirrezabala doktoreak zehaztu nahi izan zuen zer baldintzak eragin zuten ezaugarri hori —oro har, oxigenorik ez duten inguruneekin lotzen da— eta zerk eragiten duen metatzen den eta kolore ilun hori hartzen duen materia organikoa», zehaztu du ikertzaileak.