GAUR8
Gaur X urte

Gaur 29 urte itzali zen Pepita Enbil soprano getariarraren ahotsa

Pepita Enbil getariarra 36ko gerra betean hasi zen zarzuelak kantatzen eta Madrilgo areto onenetara eraman zuen ahotsa. Ameriketara egin zuen gero, han-hemenka abesten ibili ostean Mexikon finkatzeko.

Pepita Enbil, abeslari getariarra.
Pepita Enbil, abeslari getariarra. (WIKIMEDIA)

Pepita Enbil duela 105 urte jaio zen Getarian, 1918ko otsailean, Lehen Mundu Gerraren akaberatan. Zarzuela, opereta eta operan abesten emango zuen bizitza, eta 76 urterekin zenduko zen Mexiko Hirian, 1994ko abuztuaren 28an, hain zuzen, gaur 29 urte.

Getariarrak areto handi eta eleganteenetan zabaldu zuen haren ahotsa. Sopranoa zen, eta zarzueletan, operetatan eta operan abesten zuen. Berez, baina, bizi ahal izateko lan egin behar zuelako hasi zen kantuan, Donostiako Orfeoian.

36ko gerra betean hasi zen kantuan Pepita Enbil. 1938an Donostiako Victoria Eugenian estreinatu zuen ‘Sor Navarra’ zarzuela Federiko Moreno Torrobak eta bertan abestu zuen getariarrak. Gerora, zarzuela bera Iruñean aurkeztu behar zuenean, ezagutu zuen Placido Domingo Ferrer baritonoa; hiru hilabeteren buruan ezkonduko ziren eta aurrerago izango zuten haurra: Placido Domingo Enbil, egun nazioartean ezaguna den tenorea.

Enbil Eusko Abesbatza Orfeoiko kide izan zen, baita Madrilgo Calderon antzokiko konpainiakoa ere. ‘La Reina fea’ (1941), ‘Don Manolito’ (1943) edo ‘En el balcon de Palacio’ (1943) zarzuela handiak estreinatu zituen Madrilen eman zuen denboran.

Ameriketako denbora

Zarzuelak ospea galtzen hasi ziren Estatu espainiarreko publikoaren artean eta Pepita Enbil Atlantikoa zeharkatzera ausartu zen, Moreno Torrobarekin batera. Puerto Ricon, Kuban, Mexikon, Venezuelan eta Kolonbian aritu zen kantari eta, azkenean, Mexikon finkatu zen senarrarekin. 1948an Arbeu Antzokian konpainia propioa osatu zuten Enbilek eta Domingok.

1974an Bartzelonara egin zuen bikoteak, haien semeak, Placido Domingo Enbilek, aurkeztu zuen ‘Francisquita Andrea’ zarzuelan parte hartzeko. Hau izan zen Pepita Enbil getariarraren azken lana.