GAUR8

440.000 bisitari izan ditu Ekainberrik duela 15 urte ateak zabaldu zituenetik

Hamabost urte bete ditu Gizartearen Ondare den Ekaingo kobazuloaren margoen erreplika den Ekainberrik, eta urtemugaren harira bisitarien kopurua eta «satisfazio handia» nabarmendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. 440.000 bisitari izan dira azken hamabost urtetan; eta 4.300, aurtengo udan.

Ekainberri, Zestoan.
Ekainberri, Zestoan. (Jon URBE | FOKU)

Hamabost urtetan 440.000 bisitari izan ditu Ekainberrik, eta aurtengo udari dagokionez, uztailean eta abuztuan zehar 4.300 lagun bertaratu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera.

Datuok kobazuloaren erreplika denak ateak zabaldu zitueneko 15. urteurrenean eman dituzte, eta zehaztu dutenez, 3.850 lagun izan dira udan Ekainberrin, eta 850 Lili Jauregiko bisita antzeztuetan.

Bisitarien profilari dagokionez, erdia helduak direla azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Era berean, eskola taldeen presentzia nabarmendu dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak izan dira bisitari gehienak, baita estatu espainol eta frantsesekoak ere, Britainia Handiko eta Alemaniako herritarrekin batera.

Bisitaldi horien ostean erakutsitako satisfazio maila handia azpimarratu dute. Izan ere, «Munduko Ondare den leku baten balioa ondo ulertzen dutenentzako derrigorrezko» bisita izaera daukala adierazi dute foru agintariek.

Datuei begira, aipatu dute Ekain kobazuloaren margoak ezagutzera horrenbeste pertsona bertaratzeak baieztatzen duela kobazuloaren kontserbazioa ziurtatzeko itxiera eta Ekainberri erreplika baliogarriak direla.

Era berean, satisfazio maila altuaren erakusle gisa kokatu dute bisita urtero-urtero errepikatzen duten ikastetxeak izatea; «Ekainberriren eskaintza didaktiko zabal eta arrakastatsuaren adibide», gehitu dute.

Aurkikuntza eta Ekain izena

Kobaren aurkikuntzak gizarte mailan izan duen eraginaz ere mintzatu dira Aldundiko Kultura saileko arduradunak, 1969ko aurkikuntza aurretik Ekain izena zuen mutilik ez zegoela azpimarratuz.

«Aurkikuntzaren ondorioz, Ekain izeneko haurrak sortzen dira eta kopurua nabarmen handituz joan da, izen arrunt bihurtuz. Aurkikuntzaren hamarkadan (1970-1979), 88 haur erregistratu ziren Ekain izenaz, eta kopuruak jarraitu du gaur egun arte, bereziki Ekainberri 2008an inauguratu zenetik, 2010-2019 hamarkadan 904 haur izendatu baitziren Ekain. Guztira 1952 mutilek du Ekain izena Espainian INEko datuen arabera», azaldu dutenez.

Gogoratu dute Ekainen pinturak Gizartearen Ondare izendatu zituela Unescok, baita Paleolitiko garaiko labar-artearen balio aparta duten 70 animalia-irudi horien aurkikuntzak ikerketa munduan izan duten eragina.