Nerea Goti

Andoni Sainz, deiadar egile bat Alonsotegin

Deiadar egile egin zen duela lau urte, eta ordutik hainbat ale sortu eta apaindu ditu. Antzinako kulturaren transmisioaren katebegi berri bat izan nahi du Andoni Sainzek, tresna zaharrari bizitza berria ematen dioten irudi eta erabilera berriak emanez.

Bota zioten erronka da Andoni Sainz adar egilearen istorioaren abiapuntua. Duela lau urte izan zen, eta ordura arte ezer gutxi zekien deiadarren munduaz. Egun, hainbat deiadar egin ditu eta ekitaldietan jotzen du emaztearekin, baina horrez gain tresnaren inguruko informazio handia eskuratu du, adarrak zuen erabilera, ohitura eta tresna sortzeko prozesuaren inguruan.

Adarren inguruko historiaz eta tradizioez hitz egin du GAUR8rekin, Alonsotegiko tailerrean, hamarnaka alez inguratuta.

«Ezetz adarrari soinua atera» hura bota ziotenean aisialdirako zeregin berria jaio zen Sainzentzat. Pandemiaren hasiera zen, eta «etxean geundenean bueltaka hasi nintzen», gogoratu du. Aste pare batean lortu zuen soinua ateratzea, handik jotzera, eta ondoren, deiadarrak egitera.

Ez dago adar egile eta jotzaile asko Euskal Herrian. Gazteenetako bat izango da alonsotegiarra. Kontaktua du Urduñako eta Aiarako beste bi egilerekin. 

Deiadarra sortzeko prozesuan, adarrak lortzeak suposatzen duen arazoa azaldu du. Antzinako tresna da baina bizitza luzea izan dezake oraindik. Dioenez, ez dute garai batean zuten erabilera, baina, neurri batean, adarren soinuak deia izaten jarraitzen. Preziatua da, era berean, oroigarri gisa.

San Mamesen eta hainbat lasterketa solidariotan egon dira adarra jotzen, sari banaketetan... Kontatu duenez, adarra tresna berezia da mendizaleentzako ere, eta mendiak aipatuta hurrengo urriaren 7an Kolitzan egingo den Deiadar Mendien Egunean izango dela aurreratu du. Gorbeia, Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Kolitza bera diren deiadar mendien inguruko kondaira ere aipatu du.

Erreportaje osoa larunbatean argitaratuko du GAUR8k.