GAUR8

Antzinako Azokak erdi arora eramango du Artziniega larunbatean

Artisau-produktuak, antzinako lanbideak, tresnak eta auzokideek lantzen duten anbientazioak Artziniegako kaleak hartuko dituzte larunbatean. Antzinako Azokaren XXIV. edizioaren ostean bisita antzeztuen programa helduko da herriko kaleetara.

Artziniegako Antzinako Azokako giroa, artxiboko irudian.
Artziniegako Antzinako Azokako giroa, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Betiko artisau izaera mantenduko du Artziniegako Antzinako Azokak. Larunbatean izango da, eta aurten saltoki gehiago izango ditu. Gozogintza, ogiak, pateak, gaztak edota infusioak daude azokan salgai egongo diren produktu eta ekoizleen zerrenda luzean.

Udal iturriek aurreratu dutenez, bitxiek ere izango dute bere lekua, jantziak, larrukigintzako produktuak, zeramikazkoak, egurrezkoak edota portzelanazkoak.

Taloak eta txakolina dastatzeko aukera izango da, eta, nabarmendu dutenez, auzokideek lantzen ohi duten garaiko anbientazioak ere girotuko ditu kaleak. Izan ere, hirigune historikoko karriketan adarra jo, erdi aroko jantziak eta burukoak erakutsiko dituzte.

Artilearen iruntzea izango da azokak eskainiko duen zuzeneko erakustaldietako bat.

Bisita antzeztuak, 24tik aurrera

Erdi aroko anbientazioa dastatu ondoren, Artziniega ezagutzeko doako bisita antzeztuen programa abiatuko da 24an.

Jatorri, leku enblematiko eta historikoak ardatz hartuta, garaiko pertsonaien azalean jarriko dira Arimaktoreko aktoreak herriko historia eta kultura ezagutarazteko. Datu historikoez gain hainbat gertaera eta pasadizo esanguratsu ekarriko dituzte gogora ibilaldian zehar.

Familia giroan egiteko moduko bisita da, nabarmendutakoaren arabera. Bisitak igandeetan egiten dira: irailaren 24an eta urriaren 1ean, 15ean, 22an eta 29an izango dira. Parte hartzeko izena eman behar da www.aiaraldea.org webgunean.