Gaurko egunez jaio zen Agatha Christie, Hilketen Erregina, 1890ean
1890eko irailaren 15ean jaio zen Agatha Christie idazle britainiarra. Guiness Errekorren Liburuak dio liburu gehien saldu duen garai guztietako idazlea dela. Munduan gehien itzultzen den egilea da: gutxienez 103 hizkuntzetan itzuli dira haren liburuak.
74 eleberri, 154 kontakizun labur, 20 antzezlan, 3 poema eta 2 autobiografia eta bere lehen historia argitaratu eta mende batera, Agatha Christieren obran oinarritutako telesail, film eta bideojokoen ekoizpenak ez du etenik.
Christiek behin esan zuen: «Nire eleberrietarako krimen onenak platerak garbitzen bururatu zaizkit. Platerak garbitzeak edonor bihurtzen du hiltzaile maniako bat».
Hilketen Erregina izenez ezaguna da. 1890eko irailaren 15ean jaio zen Wallingforden, Ingalaterrako hego-ekialdean, klase ertain eta liberaleko familia batean. Hercule Poirot eta Miss Marple detektibeen pertsonaiak sortu zituen bere eleberrietarako; bata profesionala eta bestea zalea.
Guiness Errekorren Liburuak dio liburu gehien saldu duen garai guztietako idazlea dela Christie, eta William Shakespearekin batera, literaturaren arlo guztietan gehien saldu duena. Bibliak bakarrik gainditu du haren liburu salmenta, eta, egun, munduan gehien itzultzen den egilea da: gutxienez 103 hizkuntzetara itzuli dira haren liburuak.
“The Mousetrap” (Satartea) antzezlana munduan gehien iraun duena da, urteen poderioz jarraitu duena. 1952ko azaroaren 25ean estreinatu zen Londresen, eta 2020ko martxoaren 16a arte taularatu zen, covid-19arengatik eten zen arte. Hala ere, 2021eko maiatzaren 17an berriz antzezten hasi ziren, beraz, obrak bere horretan dirau. Antzezlan hori euskaraz ere egin da.
Idazlearen liburu eta ipuin gehienak zinemara eraman dituzte, bestak beste, “Murder on the Orien Express”, “Death on the Nile”, eta “4.50 From Paddington”. Telebista, irrati, bideojoko eta komikietara ere egokitu dira.