GAUR8
Gaur X urte

Gaur 10 urte jokatu zen lehen partida San Mames berrian

2013ko irailaren 16an izan zen, eta estadio berri horrek Athletic Club taldearen San Mames zaharra (1913-2013) ordezkatu zuen. Estadioak 53.000 zaleentzat du lekua, eta Cesar Azkarate arkitektoak diseinatu zuen.

San Mames berriaren ikuspegi panoramikoa barrutik.
San Mames berriaren ikuspegi panoramikoa barrutik. (Wikipedia)

Gaur 10 urte jokatu zen lehen partida San Mames berrian. Astelehena zen, gaueko 22:00etan, eta Athleticek Celta taldearen aurka jokatu zuen. Estadioaren estreinakoan aho zapore gozoarekin eman zioten hasiera San Mames berriari, Vigoko taldea 3-2 mendean hartuta.

Irabazi bai, baina, lehen gola, ez zuen Athleticeko jokalari batek sartu; baizik eta Celtako batek. Charles Dias brasildarrak, hain zuzen ere. Mikel San Jose jokalari zuri-gorriak berdindu zuen partida, zelai berrian gola sartu zuen lehen Athleticeko jokalaria izanik. Iraola eta Beñat izan ziren beste bi goleatzaileak.

2010eko maiatzaren 26an jarri zuten estadio berriko lehen harria, eta hiru urteko lanaren ostean estreinatu zuten. Hori bai, estadioa ez zegoen guztiz bukatuta, lanen laurden bat falta zen amaitzeko. Beraz, estreinako partida horretan, 36.000 ikusle sartu ziren. 2015eko udaberrian amaitu zituzten eraikuntza lanak. Estadioak 53.000 zaleentzat du lekua.

Arkua, Lezamara

Cesar Azkarate arkitektoak diseinatu zuen San Mames berria eta IDOM enpresak kudeatu. Estadio berrian harmailek kolore gorri bizia dute, eta zelaia berdea da, eta kanpoko azala, berriz, zuria.

San Mames zaharraren arku mitikoa zelai berrian jartzea pentsatu zuten, baina arazo teknikoengatik, aukera hori baztertu zuten proiektuaren arduradunek. Arkua Lezamako instalazioetan jarri zuten.

2015eko azaroaren 5ean, San Mames berria 2015. urteko munduko kirol-eraikin onena zela izendatu zuten Singapurren ospatutako World Architecture Festival kongresuan.