GAUR8

Ibilbide botaniko bat sortu du Mungiako Udalak zuhaitzen bitxikeriak ezagutarazteko

Mungiako Uriguen parkean ibilbide botanikoa estreinatu dute. Herritarrek egindako eskaerari erantzuten dion proiektua da, eta bertako 30 zuhaitz espezieren inguruko informazioa eskaintzen du plaketan eta QR kodeen bidez, landaredi espazio horren aberastasuna ezagutarazteko eta balioesteko.

Parkearen sarreran jarritako informazio panela.
Parkearen sarreran jarritako informazio panela. (Mungiako Udala)

Mungiako Udalak ibilbide botaniko bat sortu du Uriguen parkean, bertan dauden zuhaitz espezie adierazgarrienen gaineko informazioarekin.

Landaredi espazio horretan bizi diren 90 espezietatik 30 hautatu dituzte haien inguruko bitxikeriak ezagutarazteko eta balioesteko.

Udal iturriek azaldu dutenez, zuhaitz eta zuhaixka ugari daude Uriguenen, ezaugarri zehatzak dituztenak kolore, itxura, usaina, loratzea edota fruituei dagokienez. Bertakoak zein espezie exotikoak daude hautatutakoen artean, eta tamaina, ezaugarriak, berezitasuna edo ugaritasuna hartu dira kontuan hautaketa egiteko.

Plakak jarri dituzte espeziearen izenarekin, euskaraz, gaztelaniaz eta izen zientifikoarekin, eta QR kodearen bidez informazioan sakondu ahal da.

«Ibilbide botanikoari ongi etorria emateko», Udalak informazio panel bat jarri du parkearen sarreran, identifikatutako espezieen plano batekin eta QR kodearen bidez informazio guztia eskuratzeko aukera ematen duena.

Ekimena aurrekontu parte hartzaileetan bozkatuenetako bat izan zen ideiarekin lotuta dago. «Proiektu honek herritarrek eurek eskatutako eskaerei erantzuten die, kasu honetan iazko Aurrekontu Parte hartzaileen bidez», nabarmendu du Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak.