GAUR8

Emakumeak eta irristatze kirolak protagonistak izango dira Sopelan, ‘Roll it Girl Fest Sopela’ espaziotik hasita

Emakumeak eta irristatze kirolak protagonista dituen programazioa abiatuko da igandean Sopelan, ‘Roll it Girl Fest Sopela’ jaialdiarekin. Lehiaketen ondoan, eskolak izango dira kirol praktika ezberdinak irakasteko.

Irristatze kirolen praktikaren inguruko hainbat jarduera izango dira urrian zehar Sopelan.
Irristatze kirolen praktikaren inguruko hainbat jarduera izango dira urrian zehar Sopelan. (Juanan RUIZ | FOKU)

Igandean irristatze kirolak protagonista dituen ‘Roll it Girl Fest Sopela’ ospatuko dute Uribe Kostako udalerrian. Udalak antolatutako jaialdiaren laugarren edizioa da hau, eta urrian zehar egingo diren hainbat jardueraren abiapuntua izango da.

Surfa, skatea eta irristatze kirolak, oro har, izango dira programazioaren ardatz nagusia «bai ‘Sportjam’-eko materialen testeoan (urriak 6, 7 eta 8), bai ‘Surf Bussines Meeting’-ean (urriak 25, 26 eta 27)», azaldu du Udalak ohar baten bidez.

Lehen proposamena igandean izango da, aipatutako ‘Roll it Girl Fest Sopela’ espazioan. Landaluze kalean egokituko den gune horretan, skate erakustaldiak, skate klaseak haurrentzat (UK Skateparkek emanak) eta hasi berrientzat zein praktika aurreratuago bat dutenentzako surf skate eskolak egongo dira, Yow-eko taldearen eskutik. Slalomean profesionalentzako lehiaketak izango dira, era berean.

Jarduera, eskola eta praktika guztietan emakumeek kirol mota horietan egiten duten lana azpimarratuko da eta kirol horietan nesken parte hartze handiagoa sustatzera bideratuta egongo dira, azaldutakoaren erabera.

Kirol jardueren ondoan, marka lokalek sortutako moda, foodtruck-ak eta tatuaiak bezalako eskaintza egongo da.

Musikaren kartelari dagokionez, bestalde, Irene Garryz gain «aurten Synthetikaren Dj Session bat egongo da, aniztasuna eta inklusioa sustatzen duen queer kolektiboa, eta LGTBIQ+ kolektiboari jazarpenik eta babesik gabeko dantza pistak sortzen dituena», nabarmendu dute antolakuntzatik.