GAUR8

Araztegietako urek ekosistemetan eragiten dutela frogatu du ikerketa batek

EHUko ikerketa batek frogatu du araztegietako urek, ondo tratatuta eta oso diluituta egon arren, eragina dutela ekosistemetan. Ur kutsatuak tratatzeko ahaleginak areagotzea gomendatzen dute, uretako biodibertsitatea kontserbatzeko.

Litekeena da gaur egun dauden mugak ekosistemak babesteko nahikoa ez izatea, ikertzaileek planteatu dutenez.
Litekeena da gaur egun dauden mugak ekosistemak babesteko nahikoa ez izatea, ikertzaileek planteatu dutenez. (Guillaume FAUVEAU)

EHUko Ibai ekologia taldeak araztegi-urek ingurunean duten eragina aztertu du. Araztegi handi bateko urekin egin dute esperimentua eta bertan ikusi dute «ibaietako dibertsitatean eta sare trofikoan (elikatze sarean) eragiten jarraitzen dutela ondo tratatuta eta oso diluituta isuri arren».

Ikerlariek frogatu dute l«litekeena dela» hondakin urak tratatzeko «gaur egun ezarrita dauden mugak eta erabiltzen diren prozedurak» sare trofikoen propietate naturalak babesteko nahikoak ez izatea.

EHUk gogoratu du ohar batean ur zikinen araztegiei esker asko hobetu dela uraren kalitatea, ur ekosistemetara heltzen diren kutsatzaileen kantitatea era nabarmenean murriztu baitute. Azken belaunaldiko araztegiek, gainera, «nutrienteak, materia organikoa eta metalak murrizteko tratamendu gehigarriak» aplikatzen dituzte, baina hala ere, efluente horiek «oso diluituta isuri arren, efektu leunak izan ditzakete luzaroan mantentzen badira».

«Ekosistema osoa manipulatzeko aukera eman zigun esperimentu berritzaile bat diseinatu genuen, zenbait urte iraun zituena», azaldu du Ioar de Guzman Ibai ekologia taldeko ikertzaileak.

Ekosistema mailan, hondakin-ur tratatuek eragin garrantzitsuak izan ditzaketela ikusi dute baita «errekastoetako komunitateen egituran eta funtzionamenduan eragin dezaketela diluzio-maila oso altuekin isurita ere».

Ondorioak toxikotasun gutxi izan arren

«Efluentearen toxikotasuna txikia izan zela ikusi bazuten ere», ornogabeen dibertsitatea murriztu eta komunitateak heterogeneoagoak bihurtzen zirela ikusi dute. «Alga kantitateak handitu ziren, eta herbiboria (edo landarez elikatzeko joera) areagotu», zehaztu du ikertzaileak.

«Nahiz eta efluente urak tratatuta egon, nutriente jakin batzuk iristen dira errekastora, algak eta materia organikoa sustatzen lagundu dezaketenak, baina aldi berean kutsatzaileek eragin dezakete ornogabe sentikorrak desagertzea eta haien tokia erresistenteagoak diren beste batzuek hartzea».

Ikerlanak agerian utzi du gaur egungo tratamendu aurreratuenek ekosisteman eragiten jarraitzen dutela. «Uste dugu legediak markatzen dituen mugetara doituta arazoak lausotzen direla, baina oraindik ere inpaktuak sorturik kontuan hartu behar dugu erreketako sare trofikoak modu optimoan kontserbatzeko tratamendu horiek are eta zorrotzagoak izan behar dutela», adierazi du De Guzmanek.