GAUR8

Ahozko hizkerari buruzko ikerketak hizpide Donostian, hilaren 18an, Mintzolaren eskutik

Ahozko hizkeraren inguruan saritutako gradu eta master amaierako zazpi lanen eta erakundeek bultzatutako beste hiru ikerketaren ondorioak aztertuko ditu mintegi batek Donostian, hilaren 18an, Mintzolaren udazkeneko egitarauaren barruan.

Irudian, ikasle talde bat eskola jolasgunean.
Irudian, ikasle talde bat eskola jolasgunean. (Guillaume FAUVEAU)

Aurten saritutako gradu eta master amaierako zazpi lan eta ikerketa lan monografikoak protagonista nagusiak izango dira hilaren 18an Mintzolak Donostian antolatu duen ahozko hizketari buruzko ikerketei buruzko mintegian. Zazpi lan horiez gain beste erakunde batzuek elkarlanean ondutako beste hiru ikerketa ere aureztuko dira saio horretan, zehaztu dutenez.

Euskaltzaindiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek aurkeztu dute Mintzola egitasmoaren barruan kokatzen den mintegia. Gogoratu dute euskarazko ahozko jarduna dela proiektuaren lan eremua, «bereziki eguneroko hizkera», eta erantsi dute eremu horretan diharduela, «ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean».

Hitanoa eta gazteen hizkera

Mintegia 9.00etan abiatuko da ikerlanen ondorioen aurkezpenarekin. Arratsaldean, ikastetxeetan lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintzaren (ARIKALA) lantaldeak eta EHUko irakasle ikertzaileek hartuko dute hitza. Hitanoari buruzko azterketa eta ‘Gaztelania eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean’ ikerketaren ondorioak azalduko dituzte arrastiko saio horretan.

Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan izango da mintegia, doakoa da eta parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik donostiaordez@euskaltzaindia.eus helbidera idatzita edo Donostiako egoitzako telefono zenbakira deituta.