GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez fusilatu zuten Lluis Companys, 1940an

1940ko urriaren 15ean fusilatu zuten politikari kataluniarra Montjuiceko gazteluan. Begietan tapakirik ez zuen jarri nahi izan, eta "Assassineu un home honrat. Per Catalunya!" («Gizon zintzo bat hiltzen ari zarete. Kataluniagatik!») oihukatuz hil zuten.

Lluis Companysen irudia.
Lluis Companysen irudia. (ESTAMPA)

Lluis Companys i Jover Bartzelonan, Montjuiceko gazteluan, fusilatu zuten 1940ko urriaren 15ean. Lleidako Tornabous herrian 1882ko ekainaren 21ean jaioa, politikari eta abokatu kataluniarra Esquerra Republicana de Catalunyako buruzagia izan zen eta Kataluniako Generatitateko presidentea 1934tik hil zuten arte. 1936ko uda ostean erbesteratua, Gestapok atxilotu zuen Francoren gobernuari entregatzeko.

Zuzenbidean lizentziaduna, Companysek gaztetatik hartu zuen parte bizitza politikoan. Solidaritat Catalana egitasmoko kidea izan zen, eta baita Unio Federal Nacionalista Republicanakoa ere, haren gazte-taldeko presidente bilakatuz. Ibilbide horretan hamabost bat aldiz atxilotu zuten.

Gerora, Companys Partit Republica Catala alderdiaen ordezkaria zen eta 1917an Bartzelonako zinegotzi hautatu zuten. 1920ko urrian, beste hainbat sindikalistarekin batera atxilotu zuten eta Maongo Castell de la Molara erbesteratu zuten.

Nahiz eta erbestean egon, 1920ko hauteskundeetan Companys Sabadellgo diputatu hautatu zuten, immunitate diplomatikoa lortu eta espetxetik ateraz.

1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan Bartzelonako udalerako zinegotzia hautatu zuten Esquerra Republicana de Catalunyaren izenean. Eta apirilaren 14ko eguerdian Udaleko balkoira igo zen hautetsietako bat izan zen, Katalunian Bigarren Errepublika aldarrikatzeko.

Urte bereko ekainean, Bartzelonako diputatu hautatu zuten, eta Espainiako Gorteetan Esquerrako talde parlamentariaren buruzagia izan zen. 1932an Kataluniako Parlamentuko lehen presidente ere izendatu zuten.

Bigarren Errepublikaren Gobernuko kide ere izan zen, baina Francesc Macia hil zenean, 1934ko urtarrilaren 1ean, Kataluniako Generalitatearen presidente izendatu zuten.

1936ko guda osoan, Kataluniako Gobernuaren burua izan zen, alderdi eta sindikatu guztien arteko batasuna mantentzeko saiakera eginez. Baina ez zen lan erraza izan, komunista, sozialista eta anarkisten arteko tentsio handiagatik. Gainera, Juan Negrinen gobernuarekin eztabaida asko izan zituen.

Francoren soldaduek Katalunia okupatu ondoren, 1939ko otsailaren 5ean Perpinyara erbesteratu zen, eta handik Parisa joan zen Consell Nacional de Catalunya gidatzera. Arriskutsua izan arren, Frantzian geratzea erabaki zuen buru-gaixotasun larria zuen bere semearekin egon ahal izateko.

1940ko abuztuaren 13an, ordea, Gestapoko agente alemaniarrek atxilotu egin zuten eta abuztuaren 29an Francori entregatu zioten Irungo mugan. Epai berezi batek Erantzukizun Politikoaren Legepean epaitu zuten eta, egun bateko Guda Kontseilua nahikoa izan zuten heriotza zigorra ezartzeko.

1940ko urriaren 15ean fusilatu zuten Montjuiceko gazteluan. Begietan tapakirik ez zuen jarri nahi izan, eta "Assassineu un home honrat. Per Catalunya!" («Gizon zintzo bat hiltzen ari zarete. Kataluniagatik!») oihukatuz hil zuten.