GAUR8

Erdi Aroko eguneroko bizitza eta hizkuntzak Iruñean aztergai, NUPen eskutik

Erdi Aroko Iruñeko eguneroko bizitza, hizkuntzak edota 1423tik aurrera ezarritako erakundeak eta sinboloak aztertuko dituzte bihartik aurrera Iruñean, (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) NUPek antolatuta.

Erdi Aroko Iruñea izango da jardunaldien protagonista.
Erdi Aroko Iruñea izango da jardunaldien protagonista. (Iñigo URIZ | FOKU)

Batasunaren Pribilegioaren (1423-2023) 600. urteurrena dela eta antolatutako dibulgazio-zikloaren barruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzaldiak antolatu ditu, Erdi Aroko Iruñeko eguneroko bizitza eta hizkuntzak eta 1423tik aurrera ezarritako erakundeak eta sinboloak aztertzeko.

Hitzaldi irekiak izango dira, aretoa bete arte, aldez aurretik izena eman beharrik gabe, eta 19.00etatik aurrera egingo dira, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza berrian dagoen erakunde akademikoaren gunean, Salesetako komentu zaharrean, San Frantzisko kaleko 5. zenbakian.

Asteartean (hilaren 17an), bi hitzaldi eskainiko dira, ‘Erdi Aroko Iruñean bizi’ eta ‘Iruñeko hizkuntzak 1423an’, NUPeko Giza Zientzien eta Hezkuntzaren Departamentuko bi irakasleren eskutik. Lehenengoa Iñigo Mugueta Morenok emango du (Erdi Aroko Historia) eta bigarrena Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriartek (Euskal Filologia Arloa). Saioa Agurtzane Paz Moro sail bereko irakaslea eta Erdi Aroko Historian adituak aurkeztuko du, unibertsitateak jakinarazi duenez.

Ostegunean, urriak 19, Historiako Errege Akademiako Nafarroako bi akademikoren txanda izango da: Luis Javier Fortun Purez de Ciriza, ‘Las instituciones de Pamplona en el Privilegio de la Unión’ hitzaldia emango du, eta Juan Jose Martinena Ruiz, ‘Los símbolos de Pamplona establecidos por el Privilegio de la Unión’ hitzaldia eskainiko du. Felix Segura Urra Nafarroako Errege Artxibo eta Artxibo Orokorreko buruak aurkeztuko du.

Erakusketa

Hitzaldi-ziklo honen osagarri gisa, Erdi Aroko Iruñeko hiru burguak Karlos III.a Nafarroako Nobleak sinatutako dokumentu baten bidez elkartu ziren itunaren 600. urteurrenaren inguruko erakusketa izango da.

Erakusketa, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat eskuragarri, 28 ilustraziok osatuta dago. Ilustrazio horiek hiri bateratu berriaren sorrerako testuko kapitulu bakoitzari dagozkio, eta Asisko Urmeneta marrazkilariak egin ditu. Asteartean, hilak 17, erakusketarekin lotutako jarduera bat egingo du euskaraz, 18.00etatik aurrera.

Erakusketa horren katalogoa NUPeko online dendan eta liburu-dendetan eros daiteke, 10 euroren truke. Urriaren 31ra arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik larunbatera, 18.00etatik 20.30era, eta igandeetan, 11.30etik 13.30era.