GAUR 8
Gaur X urte

Gaur 87 urte hil zuten frankistek ‘Aitzol’ euskal idazle, kazetari eta elizgizon abertzale eta euskaltzalea

Gaur 87 urte hil zuten frankistek Jose Ariztimuño Olaso “Aitzol” apaiz olerkaria, 1936ko urriaren 17an. Euskal idazle, kazetari eta elizgizon abertzale eta euskaltzalea izan zen.

Jose Ariztimuño ‘Aitzol’.
Jose Ariztimuño ‘Aitzol’. (NAIZ)

Jose Ariztimuño Olaso, Aitzol ezizenez ezagunagoa, Hernanin hil zuten frankistek 1936ko urriaren 17an. Euskal idazle, kazetari eta elizgizon abertzale izan zen, eta hizkuntz normalizazioaren aldeko ekimenak bultzatu zituen, besteak beste euskararen ofizialtasuna eskatuz.

Tolosan jaio zen 1896ko martxoaren 18an eta Gasteizen apaiztu zen 1922an. Hurrengo hamarkadaren hasieran Euskaltzaleak elkarteko zuzendaria izan zen; 1933an ‘El dia’ eta ‘Yakintza’ aldizkariak sortu zituen.

1936an faxistak boterea indarrez hartzen hasi zirenean Donostian zegoen eta Beloken errefuxiatu zen, baina gipuzkoar hiriburua faxisten esku gelditu zenean, Bilborantz ihesi Pasaia inguruan preso hartu zuten. Donostiako Ondarretako kartzelan sartu eta torturatu egin zuten; handik gutxira Hernanin fusilatuta hil zuten arte.

Modu honetan ematen zuen ezagutzera Susa argitaletxeak, aste honetako Literatura Emailuetan, Jose Ariztimuño Aitzol olerkariaren heriotza: «Ondarretako kartzelan gatibu egondako Jean Pelletier frantsesak, torturatzen ari ziren gizon baten sufrimendua deskribatu zuen (‘6 meses en las prisiones de Franco'). Koldo Izagirreren ‘Sua nahi, Mr. Churchill?' liburuko ‘Martiria' narrazioan ere honela irakurriko duzu: ‘eta orduan ikusi nian Aitzol, aurpegi osoa handitua, maspildua, eskuineko begia hutsik (...) Hidalgok saltarazi ziok begia, nire aurrean. (...) Giltza ingeles batekin jota lehertu zioan begia'. Biharamunean fusilatu zuten Aitzol, Hernaniko hilerrira eramanda, 1936ko urriaren 17an, duela 87 urte. Astebete geroago, urriaren 24 eta 25 arteko gauean, Lizardiren ‘Itz-lauz' liburuari hitzaurrea idatzi zion Jose Markiegi eraman zuten Ondarretatik Oiartzungo kanposantura; Telesforo Monzonek ‘La delación' olerkian ekarri zuen gogora Markiegiren hilketa».