GAUR8

‘Jakin-mina’, ikasle gazteak orientatzeko

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak ‘Jakin-mina’ proiektuaren baitan hitzaldiak emango ditu, ikasle gazteei beren ezagutzak zabaltzen lagundu eta ikasketak aukeratzean hobeto orientatu ahal izateko.

Ikasle talde bat ikasgelan, artxiboko irudi batean.
Ikasle talde bat ikasgelan, artxiboko irudi batean. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako proiektu bat da ‘Jakin-mina’ eta helburutzat du ikasle gazteei beren ezagutzak zabaltzen laguntzea eta ikasketak aukeratzean hobeto orientatu ahal izatea. Ikasturte honetarako hiru hitzaldi-ziklo diseinatu dituzte «askotariko eta gaurkotasun handiko gaiei buruz hizlari adituek emango dituztenak», jakitera eman dutenez. Arrasaten, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran emango dituzte hitzaldiak, euskaraz, gazteleraz eta baita ingelesez ere.

Programa ikasle gazteei zuzenduta dago. Ikasturte bakoitzerako diziplina anitzeko hitzaldi-zikloak antolatzen ditu Jakiundek, eskola-programaren barruan landu ohi ez diren edukiekin. Bere bitartez, ikasleen ezagutza-horizontea zabaldu nahi dute, haien jakin-mina sustatu eta, aldi berean, aurrera begira zer ikasketei ekin nahi dieten argitzen lagundu. Hemeretzigarren edizioa da aurtengoa eta aurrekoetan 2.000 ikasletik gorak hartu dute parte.

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademia sortu zenetik, gizartean ezagutza eta espiritu kritikoa aberasten laguntzeko konpromisoa hartu zuen: «Belaunaldi gazteenei arreta berezia eskainiz, etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko prestakuntza hobea izan dezaten». Horretarako, beste ekimen batzuen artean, ikasturte bakoitzean ‘Jakin-mina’ programa antolatzen du.

Hitzaldien gaiak askotarikoak dira, hala nola, kultura, historia, literatura, argazkilaritza eta zinema. Baita gaurkotasuneko gaiak eta etorkizunak planteatzen dituen erronka berriei buruzko gaiak ere, guztiak izen handiko adituek emanak, antolakuntzatik jakitera eman dutenez.

Hauek izango dira hizlarietako batzuk: Mariasun Landa idazlea, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Adolfo Lopez de Munain Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologia burua, Pedro Larrañaga adimen artifizialeko katedraduna, Ana Vergara psikologiako katedraduna, Ana Zubiaga genetikako katedraduna eta Jon Cazenave argazkilaria.

‘Jakin-mina’ programak Lakuako eta Nafarroako Gobernuen babesa du, baita unibertsitate eta erakunde hauen lankidetza ere: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Kutxa Fundazioa, San Telmo Museoa, Euskadiko Filmategia eta Polymat.