GAUR8

Sopelan surfak inspiratzen ditu ekintzaileak egun hauetan

Sopela Surf Business Meeting nazioarteko kongresua gaur abiatu eta ostiralera arte luzatuko da. Sektoreko eragile ezberdinei zuzenduta, elkartzeko eta ezagutza trukatzeko espazioa da, baita ekintzaileak inpiratzeko eta laguntzeko.

Surfaren inguruko ekintzailetza bultzatzea da ekimenaren helburuetako bat.
Surfaren inguruko ekintzailetza bultzatzea da ekimenaren helburuetako bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Sopela Surf Business Meeting surfari buruzko nazioarteko kongresu publikoa abiatu da gaur Bizkaiko udalerrian, Toki Garapen, Merkataritza, Turismo, Enplegu eta Ekonomia udal sailak antolatuta. Gaur hasi eta 27ra arte luzatuko da programa, «bertako profesionalak eta surfa eta irristatze kirolen sektoreko ekintzaileak inspiratzeko eta laguntzeko» helburuz.

Publiko guztiari irekia, surfaren eta itsasoaren industriako langileei, ekintzaileei, eragile eraldatzaileei eta industrian ekin nahi duten irristatze-kirolen zaleei bereziki zuzenduta dago.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «industriaren azken joerak ezagutzeko gune ireki bat» da, baita «sarea eta loturak egiteko aukera paregabea» ere.

Surf taulen merkatua

Sektoreko enpresen arteko networking saio batekin abiatu da kongresua eta bihar surf taulen nazioarteko merkatura hurbilduko da Johnny Cabiancaren eskutik. ‘Red de pueblos de surf’ proiektua aurkeztuko da eta adimen artifizialaren arloa ukituko du, besteak beste.

Hitzaldiak, gainera, streaming bidez jarraitu ahal izango dira ekitaldiaren kanal ofizialean, YouTuben.

Kongresua ostiralean (urriak 27) itxiko dute araudiaren aplikazioaren inguruko lan jardunaldi tekniko batekin. Eder Garcia zinegotziak azaldu duenez, ezagutza trukatzea eta sektoreko eragileak elkartzeaz gain, «industriaren balio-kate osoa barne hartua izango da: ekoizleak, ondasun eta zerbitzuen hornitzaileak, banatzaileak, ezagutza eta prestakuntza langileak...». «Surfaren industria indartsua sustatzea» da helburua, «Sopela nazioartean erreferente bihurtuz», nabarmendu du.