GAUR 8

Herritarrek Kexaako monumentu multzoa bisitatu ahal izango dute azaroaren 4tik aurrera

Larunbat, igande eta jaiegun guztietan izango dira Kexaako monumentu multzora bisitak, abenduaren 17ra arte. Arabako Foru Aldundiak 3,4 milioi euroren truke erosi du eta 746.000 euro inbertitu ditu edo inbertitzeko konpromisoa du, premiazko esku hartzeak egiteko.

Kexaako monumentu multzoa.
Kexaako monumentu multzoa. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Herritarrek azaroaren 4tik abenduaren 17ra bitartean bisitatu ahal izango dute Kexaako monumentu multzoa, larunbat, igande eta jaiegun guztietan.

2002. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Monumentu Multzo izendatu zuten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarearen Kultura Ondasun Kalifikatuen Zerrendan sartu zen. Multzo hori, duen balio historiko eta artistikoagatik, ondare zibilari dagokionez ondoen kontserbatutako adibideetako bat da.

Arabako Foru Aldundiak Donostiako Santo Domingo monasterioko Ama Domingotarren Kongregazioaren jabetzako Kexaako monumentu multzoa erosi zuen, 2.694.000 euroren truke. Eskuratze horren bidez, honako higiezin hauek erosi ziren: Aiararren Dorretxe Jauregia, San Joan Bataiatzailearen komentua, Adatseko Ama Birjinaren kapera dorrea, apaizetxea eta beste eraikin batzuk.

Kexaako monumentu multzoa Aiarako haranaren erdian dago, eta bertara Amurriotik Artziniegara doan A-624 errepidetik iristen da, Arespalditzaraino joanda eta han bigarren mailako sareko A-4620 errepidea hartuta.

Multzoa Aiarako jaurerriaren erdigunea da, eta, Erdi Arotik hasita, garai desberdinetan eraikitako zenbait eraikinek osatzen dute. Lanik garrantzitsuena Fernán Pérez de Ayalari, Elvira Álvarez de Zeballosi eta haien seme Pedro López kantzilerrari zor zaie. 

Fernan Perez de Aialaren eta Elvira Alvarez de Ceballosen hilobiak. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Monasterioa 1378ko abenduaren 2an sortu zen, moja domingotarrak hartzeko. XVI. mendean sute bat izan zuen, eta hainbat aldiz berritu dute. Berrikuntzarik garrantzitsuena XVIII. mendean egin zuten.

Jauregiak oinplano karratua eta erdiko patioa ditu. Gotorleku itxura du, angelutan bi dorre baititu. Jauregitik zuzenean sar zitekeen elizara. Dorrea kantzilerrak eraiki zuen, 1399an, aurreko eraikin baten gainean. Hileta kapera jarri zuen han.

Done Joan Bataiatzailearen eliza. Egungo elizaren burualdea XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, eta gainerakoa XVIII. mendean. Barrualdean erretaula barrokoen multzo interesgarria eta Fernán López de Ayalaren eta María Sarmientoren hilobiak daude.

Toki historiko hau ezagutzeko gaurtik aurrera egin daitezke bisiten erreserbak 945.101.070 telefonoan edo reservas@kalearte.com helbidean.