Gaur 106 urte bete dira Balfour deklarazioak sionismoari bidea ireki zionetik
Israelgo estatuaren sorreraren hazia izan zen, 1917an, Balfour deklarazioa. Sionismoaren aldeko babesa finkatu zuen, Israel eta Palestinako lurraldeak zatitu, eta Israelen okupazioaren jatorria izan zen.
Gaur, 2023ko azaroaren 2an, 106 urte bete dira Balfour deklaraziotik. Gutun bat zen, egiaz, Arthur James Balfour Gobernu britainiarreko Kanpo Harremanetarako Idazkariak sinatutakoa. Britainia Handiko juduen komunitateko buruzagietako bat zen Lionel Walter Rothschild baroiari igorri zion idatzia, Britainia Handiko eta Irlandako Federazio Sionistari eman ziezaion.
Horrela zioen adierazpenak: «Bere Maiestatearen Gobernuak ontzat ematen du Palestinan herri juduarentzako jaioterri nazional bat ezartzea, eta ahaleginik onenak egingo ditu helburu hori betetzen laguntzeko, argi eta garbi adieraziz ez dela Palestinan dauden komunitate ez-juduen eskubide zibil eta erlijiosoei edo beste edozein herrialdetako juduen eskubideei eta estatus politikoari kalte egingo liekeen ezer egingo».
Gutuna, beraz, sionismo odoltsuari bide ofiziala ireki zion adierazpena izan zen, Palestinari lurrak lapurtuz, Israelgo estatua sortzeko hazia izan baitzen.
Gutun honetatik deklarazio formalago bat sortu zen, palestinar antisionisten iritzia kontuan hartu gabe, eta gaur arte iraun dute orduan ireki zen bide ofizialaren ondorioek. Sionismoaren aldeko babesa finkatu zuen, Israel eta Palestinako lurraldeak zatitu, eta Israelen okupazioaren jatorria izan zen.
Azken asteetan, okupazio israeldarra bere alderik ankerrena erakusten ari da, Gazan genozidio saiakera burutuz.