GAUR8

Nerabeen %2,9k modu problematikoan erabiltzen ditu sare sozialak, ikerketa baten arabera

Gazteen artean sare sozialen erabilera aztertu duen ikerlan batek 11 eta 17 urteko neska-mutilen %2,9k kontsumo problematiko argia egiten duela ondorioztatu du. Erabilera konpultsiboa eta eguneroko bizitzan duen eragina aipatzen dituzte.

Juan Manuel Machimbarrena ikertzailea, irudian.
Juan Manuel Machimbarrena ikertzailea, irudian. (Nagore IRAOLA | UPV/EHU)

Nerabeen %2,9k «sare sozialen erabilera problematiko argia» egiten duela ondorioztatu du EHUko ikertzaileen parte hartzea izan duen azterlan batek. Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko (UNIR) Ziberpsikologia ikerketa-taldeak burutu du lana EHUko hiru ikertzaileen ondoan, 11 eta 17 urte bitarteko 1.534 adingaberen kontsumo ohiturak kontsultatuz.

Ikerketa Euskal Herriko eta Mexikoko nerabeen lagin batekin egin da: 705 euskal ikastetxeetan eta 829 Jaliscoko zentroetan. Bi herrialdeetan teknologiaren erabileran dauden desberdintasunak ikusi nahi izan dituzte, kultura-ezaugarriak kontuan hartzen dituzten «prebentzio estrategiak» errazten baititu horrek.

Ikerketan ikusi dute nerabeen %16k ondorio negatiboak dituela sare sozialeen erabilerarekin lotuta. Aurrez aurreko harremanetan dituzten zailtasunak eta norberaren bizitzaren kontrola ez izatearen sentsazioa dira aipatutako sentsazioak.

Kolektibo horren barruan, %2,9k «erabilera problematiko argia» du erabilera konpultsiboa edo bizitzarako funtsezko esferetan eragindako kalteen ikuspegitik; eta %13,2k «horrelako jokabideak izateko arriskua du», zehaztu du EHUk.

Ikerketan ez dute «alde handirik aurkitu bi herrialdeetan» erabilera ez-problematikoa eta erabilera problematiko larria egiten zuten adingabeen taldeen artean».

Egunerokoa patologizatu gabe

Ikertzaileek nabarmendu dute lana «eredu kognitibo-konduktual batean oinarrritutako ikuspegi batetik abiatzen» dela. «Ikuspegi klasikoek, sare sozialek mendekotasuna sor dezaketela ulertzen dutenek, eguneroko bizitza patologizatzea dakarte askotan. Azterlan honen bidez, erabilera problematikoa eta ez-problematikoa bereiztea eta profilak ezartzea ahalbidetzen duen tresna bat dugu», azaldu du Juan Manuel Machimbarrena EHUko irakasle agregatuak eta UNIReko Ziberpsikologia taldeko kideak.

Ideia horrekin lotuta, Joaquin Gonzalez-Cabrera ikertzaileak zehaztu du ez dutela eguneroko bizitza patologizatu nahi. «Sare sozialak gure nerabeen araugintza-jarduera bat dira, baina argi utzi nahi genuen haien ehuneko bati ere arazoak sor diezazkiokeela», erantsi du.

«Aurkitutako ebidentziekin sare sozialen erabilera problematikoa prebenitzeko programak» sor daitezke, «jokabide konpultsiboak eta obsesiboak azpimarratzeko, erabileraren ondorio psikosozialak ahalik eta gehien murrizteko edo mugatzeko», adierazi du Gonzalaez Cabrerak.

Nabarmendu duenez, «ez da deabrutu behar nerabeak sare sozialen bidez emozionalki erregulatzea, ezta online elkarrekintza nahiago izatea ere, betiere bide bakarra ez bada. Hori dela eta, faktore horiek arazo bat ez dira berez, baina arazo izan daitezke alderdi gehiago batzen direnean».