Zazpi urte Izaskun Arrue hil zenetik, Arabako ikastoletako lehen andereñoa
Gaur dira zazpi urte Izaskun Arrue irakaslea zendu zela. Arabako ikastoletako lehen andereñotzat jotzen da eta Gasteizko Olabide ikastolaren sortzaileetako bat izan zen.
Izaskun Arrue Goikoetxea Ariben, Nafarroa Garaian, jaio zen 1927ko abuztuaren 28an, eta Gasteizen zendu zen gaur zazpi urte. Irakaslea eta erizaina izan zen, Arabako ikastoletako lehenengo andereñotzat jotzen da, hain zuzen ere. Gerra osteko Gasteizko lehenengo ikastolaren sortzaileetako bat izan zen, Olabide ikastolarena, alegia.
Arruek Donostian Irakasletza eta Erizaintza ikasi zituen. Ondoren, Lezaetan, Aribe jaioterritik kilometro gutxira, aritu zen lanean, maistra eta erizain. 1959ko azaroan ezkondu zen eta senarra Gasteizen lanean ari zela eta, bertara aldatu ziren hurrengo urtean. Bertan, San Prudentzio Arte eta Lanbide eskolan aritu zen lanean.
1963an Gasteizko guraso talde bat, erbestean zegoen Andoni Karmelo Urrestarazu ‘Umandi’ irakaslearen ikasleak izanak, irakasle euskaldun baten bila hasi zen, beren seme-alabei euskaraz irakasteko. Izaskun Arruek heldu zion erronkari eta Donostiara joan zen, han Karmele Esnalekin metodologia ikasteko.
Horrela, 1963ko abenduaren 4an hasi zen haur talde batekin lanean. Eskola bere etxean sortu zuen, Zerkabarren kaleko 9. zenbakian, 4. solairuan. Horretarako, nahiz eta etxe txikia izan, ikasgelatzat gela handiena moldatu zuen; hasiera hartan, 13 ume ziren, lurrean bata bestearen ondoan eserita.
Urteek aurrera egin ahala, ordea, ikasle taldea handituz joan zen. Eskola berriak Estibalizko santutegia izan zuen babesleku, batez ere Ixidro Bastarrikaren laguntzaz. Baina haur taldea handia zen eta beste lokal bat behar zuten; orduan, Afrikan zebilen moja batek txalet txiki bat alokairuan eskaini zien.
Horri esker, 1967an, Estibalitz hiribidera eraman zuten ikastola. 1969an, legeak behartuta, eskolari izena jarri behar izan zioten; ikastola hitza aipatu gabe. Izen berria Colegio Padre Raimundo Olabide izan zen, gaur egun Olabide Ikastola izenez ezaguna dena. Dena dela, txalet hori ere txiki gelditu zitzaien, eta ondoko beste txalet batzuk hasi ziren hartzen. Sei urtez egon zen han ikastola.
1973an, gurasoek Lasarteko eraikuntza sortu zuten. Ondoren, euskararen batasunaren inguruko eztabaida sortu zen; eta Izaskun Arruek, euskara batuaren proposamenarekin ados ez zegoela eta, irakaskuntza utzi zuen.
Ikastola utzi ondoren, hamasei urtez erizain aritu zen Gasteizen, Abetxuku auzoko osasun-etxean, erretiroa hartu arte. Ez zuen euskarazko irakaskuntza alboratu; eta, erizain lana amaitzen zuenean, besteak beste Irakasle Eskolan, Seminarioan, Peritu eskolan, Samaniego eskolan zein Udaberria euskaltegian jarduten zuen.
2016ko azaroaren 10ean hil zen Gasteizen, 89 urte zituela.