GAUR8
Gaur X urte

Duela hiru urte hil zen Maria Salvo, ekintzaile antifrankista kataluniarra

Ehun urterekin hil zen Maria Salvo Kataluniako ekintzaile antifrankista, duela hiru urte, 2020ko azaroaren 16an. Les Dones del 36 elkartearen sortzailea eta Frankismoko Preso Politikoen Kataluniako Elkartearen presidentea izan zen.

Gaur hiru urte hil zen Maria Salvo ekintzaile katalana.
Gaur hiru urte hil zen Maria Salvo ekintzaile katalana. (Pep PARER | Museu d'Història de Catalunya/WIKIMEDIA COMMONS)

Duela hiru urte hil zen Maria Salvo Iborra ekintzaile antifrankista katalana, ehun urte zituela. Kontzentrazio-esparru frantsesetan egon zen gaztetan eta Les Dones del 36 elkartea sortu zuen eta Frankismoko Preso Politikoen Kataluniako Elkartearen presidentea izan zen.

Hamahiru urterekin, 1935ean, Esquerra Republicanako kulturguneetara joaten hasi zen eta azkenean Joventuts Socialistes Unificades de Catalunya (JSUC) gazte antolakundean sartu zen. 36ko Gerra hasi zenean, UGTko kide egin zen eta 1938an JSUC-eko Bartzelonako propaganda komitearen idazkaritzaren ardura hartu zuen.

1939an, 19 urte zituela, Frantziara erbesteratu behar izan zen eta han Le Pouliguen eta Moisdon-la-Riviere kontzentrazio-esparruetan sartu zuten. 1941ean Madrilen atxilotu eta Bartzelonako Les Corts presondegian espetxeratu zuten. Epaimahai militarrak 30 urteko zigorra betetzera kondenatu zuen eta Zaragoza, Madrid eta Segoviako kartzeletan ere egon zen, 16 urtez egon baitzen espetxean.

Aske geratu zenean Bartzelonako probintziatik erbesteratu zuten, baina Kataluniako Alderdi Sozialista Bateratuaren (PSUC) kidea zenez klandestinitatean, Bartzelonara itzultzea lortu zuen. Ordutik, Frankismoko Preso Politikoen Kataluniako Elkartearen presidente izan zen eta Les Dones del 36 elkartearen sortzaileetako bat izan zen.

2003an Bartzelonako Ohorezko Domina jaso zuen, hurrengo urtean Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoak Honoris Causa Doktore izendatu zuen eta 2005an Sant Jordiko Gurutzea jaso zuen.