GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez amaitu zen 47 egun iraun zituen ‘Alakrana’ euskal atunontziaren bahiketa

2009ko azaroaren 17an bukatu zen urrian hasitako ‘Alakrana’ euskal atunontziaren bahiketa Somaliako itsasoan. 47 egun iraun zuen eta marinelak eta ontzia aske uzteko erreskatea lau milioi dolar ingurukoa izan zen.

‘Alakrana’ askatu zuten eguneko argazkia, Bermeon.
‘Alakrana’ askatu zuten eguneko argazkia, Bermeon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Gaur hamalau urte aske geratu ziren ‘Alakrana’ euskal atunontziaren marinelak 47 egunez Somaliako kostaldean bahituta egon ondoren. 2009ko urriaren 3an hartu zuten atunontzia Indiako Ozeanoan.

Hari laguntzera Canarias fragata joan zen, Estatu espainoleko beste indar batzuekin itsaslapurretaren aurkako Atlanta Operazioan sartzeko abuztuaren 10ean Rotatik (Cadiz) itsasoratu zena.

Askapenean, Canarias eta Mendez Nuñez fragatetako helikopteroak ontzia utzi zuten azken piratak harrapatzen saiatu ziren, beraien aurka tiro ere eginez, baina ez zuten lortu. 47 egun iraun zuen bahiketaren ondoren eta behin askatuta, ‘Alakrana’ Seychelles uharterantz joan zen bi fragatek eskolta emanez. Puerto Victorian porturatu ziren azaroaren 20an.

Bahiketa honen ondorioz, lege espainola aldatu behar izan zuten segurtasun-zaintzaileei bandera espainola zuten ontzietan 12,7mm-ko armamentua erabiltzeko aukera ahalbidetzeko, betiere bandera hori Estatu espainolean finkatutako fabrikatzaileei edo banatzaileei erosten bazaie. Aldiz, beste bandera batzuetako ontzietan zilegi da militarrak egotea eta Estatuko ontzientzat araututakoa baino armamentu handiagoa izatea.

‘Alakrana’ atunontzi izozkailua da Echebastar fleet konpainiarena eta basea Bermeon duena. 2005ean uretaratu zen lehen aldiz eta, dituen berrikuntza teknologikoekin, bere balioa 30 milioi euro ingurukoa da.