Gaur X urte

58 urte bete ditu gaur Björk artista islandarrak

Björk abeslaria, konpositorea, aktorea eta ekoizlea da. Arrakasta handia izan du bere adierazkortasunagatik eta bere musika estilo originala eta ezberdinagatik. One Litte Indian diskoetxearen arabera, artista islandiarrak 50 milioi disko baino gehiago saldu ditu mundu osoan zehar.

Björk abeslaria
Björk abeslaria (Wikipedia)

Gaur 58 urte bete ditu Björk artista islandiarrak. 1965eko azaroaren 21ean jaio zen Reykjavik hiriburuan. Abeslaria, konpositorea, aktorea eta ekoizlea da. Hasieran The Sugarcubes taldeko abeslaria izan zen, baina geroago bakarkako bideari ekin zion.

Arrakasta handia izan du bere adierazkortasunagatik eta bere musika estilo originala eta ezberdinagatik. Besteak beste, musika elektronikoa, trip hopa, esperimentala, jazza, folka, musika klasikoa, popa eta rock alternatiboa landu ditu.

11 urterekin Tina Charlesen I love to love abestiaren bertsio bat abestu zuen irratian, eta horri esker, kontratu diskografiko bat lortu zuen. Bere lehen diskoan, artista islandiarrak zazpi mila kopia saldu zituen; beste era batera esanda, islandiarren %35ek erosi zuen. Abesti batzuk Stevie Wonder eta The Beatlesen abestien islandierazko bertsioak ziren.

1979an, punkak Britainia Handiko gizartea astindu zuenean, Björkek bere lehen taldea eratu zuen; Spit and Snot, non bateria jotzen zuen. Talde hori desegin ondoren, beste talde batzuetatik ibili zen. Hala nola, Jam80, Tappi Tikarrass eta Kukl taldeetan.

Oscar sarirako hautagaia

XX. mendeko azken hamarkadan ordura arteko proiekturik pertsonalena eta handiena egin zuen Björkek: Gling-Gló. 25 urteko ibilbidearen ondoren, Islandiako abeslari berezi honen ospea areagotu egin zen Dancer in the dark filmean protagonista izan ondotik.

2001eko abuztuan, Vesperine diskoa kaleratu zuenenean, gutxiengoen abeslari izatetik, masa artista izatera pasatu zen. Gerora, urtez urte, albumak kaleratzen joan da. Azkena, iazkoa, Fossora izenekoa.

One Litte Indian diskoetxearen arabera, artista islandiarrak 50 milioi disko baino gehiago saldu ditu mundu osoan zehar. Abesti arrakastatsuenak izan dira, besteak beste, It's Oh So Quiet, Army of Me eta Hyper-ballad.

Horrez gain, abesti onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen Dancer in the Dark filmagatik; 13 Grammy sarirako hautagaitzak lortu ditu, eta Cannesko zine jaialdiko aktore onenaren saria ere irabazi zuen.