GAUR8
Gaur X urte

Maria Amalia Vicenta Goiri hil zen duela 69 urte

Idazlea, hizkuntzalaria eta irakaslea izan zen, feminista beti. Madrilen jaio zen 1873an. Arbaso euskaldunak zituen eta lehen bost urteetan Algortan bizi izan zen. Espainiar Estatuko unibertsitate batean Filosofia eta Letretako lizentzia lortu zuen bigarren emakumea izan zen 1896an, baita doktoregoa lortu zuen lehen emakumea ere 1909an. Gaurko egunez zendu zen, 1954an.

Maria Goirik arbaso euskaldunak zituen eta lehen bost urteak Algortan eman zituen.
Maria Goirik arbaso euskaldunak zituen eta lehen bost urteak Algortan eman zituen. (WIKIPEDIA)

Madrilen jaio zen Maria Amalia Vicenta Goiri idazle, filologo eta irakasle feminista, 1873ko abuztuaren 29an. 81 urte zituela hil zen, sortu zen hirian bertan, gaur 69 urte. Arbaso euskaldunak zituen, eta bere lehen bost urteetan Algortan bizi izan zen.

Bere amona Juana Vicenta Goyri eta Barrenechea zen, deustuarra. Ama, Amalia Goiri, kultura handiko jostuna, nortasun sendokoa eta buru askea. Horri esker, garaiko ohituren eta mugen gainetik hezi zuen alaba.

Txikitan kiroldegira eraman zuen eta 12 urte zituelarik Merkataritza Eskolara. 16 urterekin Filosofia eta Letretako lizentziaturan entzule bezala ikasten hasi zen, matrikulatu gabe. 1891–1892 ikasturtean Sustapen Ministerioak emakume batentzako matrikula irekitzeko baimena eman zuen, baldin eta klasetik kanpo pasilloetan gelditzen ez bazen, katedratikoarekin batera gelan sartzen bazen eta ikaskideen ondoan beharrean irakaslearen ondoan jartzen bazen. 1896an Filosofia eta Letretako lizentzia lortu zuen Maria Amaliak eta 1909an, doktoregoa.

Hitzaldi batean Ramon Menendez Pidal ezagutu zuen eta 1900. urtean berarekin ezkondu zen. Eztei bidaian Cid Campeadorren ibilbideko herrietatik ibili ziren ahoz kontatzen ziren erromantzeak jasoz. 1936ko gerraren aitzinetik irakasle aritu zen Institución Libre de Enseñanza erakundean.

Erromantzeen biltzaile eta ikerlari

Senar-emazteak familiarekin zeuden, Segovia aldean zuten landetxean, Errepublikaren kontra altxatu ziren militarrek ingurua hartu zutenean. 1937an Burgosen zegoen Francoren Defentsa Nazionalerako Juntak bikoteari buruzko txostena eskatu zuen. Bertan, iraultzaile bezala deskribatzen zen Maria.

Gerra amaitzean liberaltzat jotzen ziren ideiak zituzten ikasketa zentro guztiak debekatu zirenez, Mariak irakaskuntza utzi eta ikerketari ekin zion. Ahoz jasotako erromantzeak bildu zituen ‘Erromantze bildumak’ liburuan, ‘El conde Lucanor’ liburua eta Lope de Vegaren idazlanak ikertu zituen. Besteak beste, ‘De Lope de Vega y del Romancero’ eta ‘Romancero tradicional de las lenguas hispánicas’ liburuak idatzi zituen.