GAUR8

Bilboko Azoka Beganoa egingo dute larunbatean, animalien askapena herritarrengana hurbiltzeko

Bilboko Azoka Beganoaren (BAB) hirugarren edizioa egingo dute larunbatean, gogoeta egin, esperientziak ezagutu eta animalisten arteko sareak ehuntzen jarraitzeko. Hitzaldiak, informazio-mahaiak, gastronomia eta musika emanaldiak antolatu dituzte.

Mobilizazio antiespezista Bilbon, artxiboko irudian.
Mobilizazio antiespezista Bilbon, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Animalista taldeak Bilboko Azoka Beganoa (BAB) antolatu du larunbaterako Karmelan, Animalien askapenaren inguruko sentsibilizazioa herritarrengana hurbiltzeko helburuz. Azokarekin, gainera, kolektibo eta pertsona antiespezisten arteko sareak ehuntzen jarraitu nahi dute antolatzaileek.

Helburu horiekin, gogoeta bultzatu eta begirada zabaltzeko lagunduko duten gaiak jorratuko dituzte solasaldi ezberdinetan.

Bultzatu nahi den hausnarketa horren harira, zenbait galdera bota dute airera azokaren atarian: «Antiespezismoaren barruan, zein dira sumatu ere ez ditugun baina existitzen diren zapalkuntzak, eta nola kokatuko gara horien aurrean? Nola suntsi ditzakegu gure gizartean eta nortasunetan errotuta ditugun baina krudelak diren tradizioak? Zer egin dezakegu aktibistok eta herritarrok kapitalismoaren tranpetan behin eta berriro ez erortzeko?».

Munduko esperientziak

Gogoetan sakontzeko eta beste esperientzia batzuetara hurbiltzeko, munduko hainbat bazterretatik etorritako aktibistak bilduko ditu azokak. Horien artean, Kimmy @blackbehaviouresp klima larrialdiaren aurkako aktibista antiarrazistaren parte hartzea nabarmendu dute, baita @zaunk_antiespezista kolektiboaren ‘Animalien askapenerako gogoetak’ fanzinearen aurkezpena ere.

Era berean, @laultimaembestida kanpaina aurkeztuko du Animalistak taldeak eta Bilboko borroka antitaurinoari buruz hitz egingo du, Frascok ‘@frascfz’ Palestinako mugimendu antiespezistetan duen esperientzia partekatuko du, eta desobedientzia zibila eta klima krisiaren aurreko ekintzak aztertzeko aukera izango da, aurreratutakoaren arabera.

Postu eta informazio-mahaietan, bestalde, talde antiespezista ezberdinen lana egongo da ikusgai, artisautza lanekin batera. Tokiko gastronomiak ere bere txokoa izango du hitzorduan.

Santutxuko Karmela espazioan izango da azoka, 10.00etatn hasita eta 21.00ak arte. Umeentzako txokoa izango du, eta musika eskaintzari dagokienez, Xabier Delete bikote akustikoa eta DJ Marciu daude BABen 3. edizio honen kartelean.