GAUR8

Kirikiñoren omenez, animalia palindromoei eskainitako erakusketa dago Mañariako Hontza Museoan

Mañariako Hontza Museoa animaliei eta botanikari eskainitako espazioa da, orain palindromoak gehitu ditu bildumara. Bigarak ondu du erakusketa Kirikiño idazlearen bizitokia izan zen baserrian, antolatu zuen lehen euskal palindromoen lehiaketaren mendeurrenean. Leire Badiola museoko gidariak azaldu ditu xehetasunak.

Animalia palindromoak protagonista dituen erakusketa gehitu da aste honetan Mañariako Hontza Museoaren ohiko eskaintzara. Ekimenak hitzekin jolastera gonbidatzeaz gain, lotura historikoak ere baditu.

Ezkerretik eskumara zein eskumatik ezkerrera berdin irakurtzen dira palindromoak. Hontza Museoaren egoitza den etxea Ebaristo Bustintza ‘Krikiño’ idazle mañariarraren etxea ere izan zen, eta euskal idazleak euskarazko palindromoen inguruko lehenengo lehiaketa abiatu zuen 1923ko abenduaren 16an, ‘Euzkadi’ egunkariaren orrialdeetan.

Ekimen horren mendeurrena ospatzeko, Bigara elkarteko Itziar Aranburuk eta Joan Ander Garciak animalien izenekin sortutako palindromo bilduma ikus daiteke Hontza Museoan. «Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia» (Pamiela, 2020) liburuaren egileak dira Aranburu eta Garcia, eta Kirikiñoren etxean bertan antolatu duten erakusketan, animalien irudiak eta hitz jokoak uztartzen dituzten irudiak ikus daitezke.

Kirikiñoren hariari segida emanez

Leire Badiola museoko gidariak azaldu duenez, erro historikoak dituen ekimena da. Izan ere, 1923. urtea zen, eta Kirikiñok botatako erronkari erantzunez, hilabete pare batean irakurleek 150 palindromotik gora bidali zituzten erredakziora.

Ekimenak izan zuen oihartzuna nabarmendu dute garaiko testuinguru politikoa oroituz: «Primo de Riveraren diktadurapean, euskara modu publikoan erabiltzea galarazita zegoen eta Kirikiño dotoreak, lehiaketa ireki hauekin, euskara bizirik mantendu zuen egunkariaren orrialdeetan».

Erakusketa otsailaren 29ra arte egongo da ikusgai Hontza Museoan. Asteartetik igandera, museoa goizez eta arratsaldez egoten da zabalik, 11.00etatik 13.00etara.

Botanika, geologia edota zoologiarekin lotutako 45.000 ale baino gehiagoko bilduma du Mañanarian kokatutako Durangaldeko natur zientzien museoak, eta horietatik kontiente guztietatik etorritako bi mila ale ditu ikusgai.

Erakusketaren ondoan, museoan salgai dago animalien izenekin egindako palindromoak jasotzen dituen liburua.