GAUR8

Gasteizko Gazte Gaming guneak programazio berezi batekin ospatuko du lehen urteurrena

Gazte Gaming gune gasteiztarrak lehen urteurrena ospatuko du abenduan, bideojokoen sorrerarekin lotutako jarduerak ardatz dituen programazioarekin. Abenduaren 16an hasi eta 29ra arte egingo dituzte doako jarduerak gazte espazioan.

Bideojokoen inguruko ezagutzetan trebatzeko baliatu nahi dituzte urtemugako jarduerak.
Bideojokoen inguruko ezagutzetan trebatzeko baliatu nahi dituzte urtemugako jarduerak. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Gasteizko Gazte Gaming gazteentzako guneak lehen urteurrena ospatuko du abenduan, doako zazpi jarduerarekin. Hamabi eta hemezortzi urte bitarteko gazteei zuzenduta, online jolastu eta bieojokoei buruzko ezagutzak eskuratzeko aukera eskainiko du espazioak tailer eta ekimen ezberdinekin.

Jesus Apellaniz Pintorearen kalean dagoen gune horretara bertaratzen direnek arcade joko bat sortzen, dado elektrikoak egiten, musikarekiko sentikorrak diren giro-argiak sortzen edo aztarna digitalen sentsore bat egiten ikasi ahal izango dute.

Jardueretan parte hartzen dutenek aukera izango dute, bestalde, ‘Micro: Bit Meccanum’ robotikan hasteko, ‘Roblox’-en minijokoak sortzeko eta 1980ko hamarkadako bideojoko ezagunez gozatzeko. Horrez gain, ‘Fall Guys’ txapelketa eta FIFA joko txapelketa izango dira.

Jarduerak abenduaren 16tik 29ra egingo dira, eta 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat izango dira, arcade makinen erakustaldia izan ezik, jende guztiarentzat irekita baitago.

Izena emateko epea

Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da. Abenduaren 11n irekiko da epea, 08.30ean, udalaren webgunean eta gizarte-etxeetan, 010 herritarren arretarako telefonoan eta Gazte Informaziorako Udal Bulegoan (OMIJ).

Abenduaren 26an, asteartearekin, jokatuko den 'Fall Guys' txapelketan eta abenduaren 29an, ostiralarekin, programatutako FIFA txapelketan parte hartu nahi dutenek egun berean eman beharko dute izena ‘Gazte Gaming’ gunean, Jesus Apellaniz Margolariaren kaleko 2. zenbakian.

Ana Lopez de Uralde Gazteria zinegotziak azaldu duenez, gune honek gazteei aukera ematen die «minijokoak sortzearen mundu zirraragarria ezagutzeko, ingurune birtualen eraikuntza esploratzeko eta beste belaunaldietako bideojokoak ezagutzeko, betiere jokoa arduraz erabiltzeko helburu argiarekin».