GAUR8

Hirien birnaturalizazioari buruzko hitzaldia Bilbon, Ekologistak Martxan-ek antolatuta

Hiriak bizigarriagoak egiteko prozesuak aztertuko dituzte bihar Bilbon, bi adituren eskutik. Publiko orokorrarentzat da, baina bereziki biologoei, paisajistei, arkitektoei, hirigileei eta ingeniariei zuzenduta dago.

Hiriak birnaturalizatzeko prozesuak aztertuko dituzte Bilbon.
Hiriak birnaturalizatzeko prozesuak aztertuko dituzte Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Ekologistak Martxan kolektiboak hirien birnaturalizazioari buruzko hitzaldia antolatu du bihar, Bilbon. Paola Sangalli biologoa eta paisajista eta Sergio Sangalli arkitektoa gonbidatu ditu gaia jorratzeko.

Ohar batean zehaztu dute publiko orokorrarentzat dela hitzaldia, baina bereziki biologoei, paisajistei, arkitektoei, hirigileei eta ingeniariei zuzenduta dagoela. Aurreratu dutenez, ingurunea birnaturalizatzeko eta bizigarriago bihurtzeko egiten ari diren esku-hartzeen eta proiektuen adibide batzuk aurkeztuko dituzte.

Solasaldi horren sarrera gisa, talde ekologistak habitata hitzan jarri du fokua. Azaldu duenez, ekologiaren ikuspuntutik, organismo, espezie, animalia edo landare komunitate bat bizitzeko baldintza egokiak ematen diren tokia da; «hirigintzan, gizakia bizi den espazioa da», eta bi deskribapenak kontuan hartuta, gizakiaren habitata den hiria baldintza horietatik aldendu da, planteatzen dutenez.

«Gure hiriak eta herriak gainditzen gaituen eskala batean eraiki dira, eta gorakada horretan, pertsonen arteko bizikidetzaren kalitatea galtzen joan gara, bai eta inguratzen gaituen ingurunearena ere», azaldu dute.

Klima-erronkak, gainera hirien aldaketa eskatzen duela gogoratu dute, «eta plangintzatik elementu berriak txertatu behar dira, bizigarriagoak izan daitezen». Ildo horretan, habitatak diren hiriak birpentsatzeko, paisajistek edo biologoek duten eginkizunean zentratuko dira.

Hitzaldia Ekoetxean izango da, 19.00etatik aurrera.