GAUR8

Igogailu soziala, Gasteizko Ignacio Aldecoa zentroaren hitzaldi zikloa abiarazteko

Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur zentroak urtarrileko hitzaldi zikloaren programa plazaratu du. Berdintasunak murriztea garapen jasangarrirako helburuaren inguruko hainbat proposamen ditu.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxea, irudian.
Ignacio Aldecoa Kultura Etxea, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiak Gasteizen kudeatzen duen Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak urtarrilean helduko dio berriro hitzaldi zikloari. Lau proposamen berri zabaldu du urteko lehen egunetarako, hamargarren Garapen Jasangarrirako Helburua (GJH) den «desberdintasunak murriztea» lantzeko.

Igogailu sozialaren funtzionamenduari erreparatuko dio lehen hitzorduan, urtarrilaren 8an, Maria Gonzalez Lopezek eskainiko duen ‘¿Por qué se ha estropeado el ascensor social y nadie lo arregla’ hitzaldiarekin.

Urtarrilaren 15ean, ‘Desmantelando una central nuclear’ hitzaldia eskainiko du Margarita Herranz Solerrek, eta hilaren 22an, programako euskarazko hitzaldi bakarra izango da. ‘Gasteizko Sindikoa: udal defendatzaile baten lana’ gaiaz hitz egingo du Leire Zugaza Urturik.

Urtarrileko hitzorduak ixteko, ‘Lo que la ciencia sabe del envejecimiento’ hitzaldia izango da, Isabel Fernandez Moralesen eskutik.

LParen klubari dagokionez, ‘What’s going on. Marvin Gaye. Una oración soul de 35 minutos y un Milagro de grabación’ eta ‘Highway 61 revisted. Bob Dylan. El mejor disco de la historia del Rock’ dira urteko lehen bi proposamenak urtarrilaren 12rako eta 26rako, hurrenez hurren.

Ondarea, klima eta adimen atifiziala

’Ondarearen astearteak’ atalean, ‘Estética y técnica: Sedas y lacas en las armaduras samuráis’, Isabel Ortiz de Errazti eta Ruth Valentín Herreroren eskutik, eta Emilio Ruiz de Arcauteren ‘Retos de la conservación del Arte Contemporáneo’ hitzaldiak iragartzen ditu kultur zentroak.

Energia eta klima eta adimen artifizialak medikuntzaren etorkizunean jokatuko duen papera mintzagai izango dira hilaren 10ean eta 14an.

Arratsaldeko 18.30ean hasiko diren LParen klubeko proposamenak izan ezik, 19.00etan hasiko dira hitzaldi guztiak. Sarrera librekoak dira guztiak, edukiera osatu arte.