GAUR8

Urruzuno literatura lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik egongo da otsailaren 29ra arte

Urruzuno literatura lehiaketak lanak aurkezteko epea zabaldu du otsailaren 29ra arte. Nerabeen artean literaturarako zaletasuna sustatzera zuzenduta, bi kategoria ditu: DBH 3. eta 4. mailetako ikasleentzako bat eta Batxillergoko 1. eta 2. mailetako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloko ikasleentzako beste bat.

Irudian, gazteak Durangoko Azokan.
Irudian, gazteak Durangoko Azokan. (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak astelehen honetan ireki du 2023-2024ko ikasturteko Urruzuno literatura lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta, prosan zein poesian, otsailaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, duela ia lau hamarkada abian jarri zen lehiaketa, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko asmoz, eta gazteek euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda.

Ordutik, Urruzuno literatura lehiaketa erreferentziazkoa da euskal kulturaren esparruan, eta garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kulturgintzarekin loturiko beste zenbait esparrutan.

Bada, literatura lanak aurkezteko epea otsailaren 29ra arte dago zabalik (egun hori barne). Bi kategoria daude, ikasleen ikasmailaren arabera: B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat, eta A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari direnentzat.

Literatura lanak originalak izan behar dira, eta lehiaketan izena emateko epea itxi arte bestelako literatura saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, bakarkakoak, poesiaz zein prosaz idatziak, eta gaia librea izango da.

Lehiaketaren oinarriak xeheago eta parte hartzeko orria argitaratuta daude Hezkuntza Sailaren webgunean.

Epaimahaia bost euskal idazlek eta Hezkuntza Saileko teknikari batek osatuko dute, eta 20 lan onenak aukeratuko eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: hamar kategoria bakoitzeko (bosna prosa eta poesia lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan guztiekin Sagastiberri sailean, eta ondoren liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara banatuko da.

Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko irizpide hauek izango ditu kontuan epaimahaiak: irudimena eta sormena, testuaren ezaugarri literarioak, testuaren arintasuna eta koherentzia eta kohesioa, eta hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.

Bost eguneko egonaldia

Lan sarituen egileek bost eguneko literatura egonaldian parte hartzeko aukera izango dute, datorren udan. Egonaldian, literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura sormenarekin zerikusia duten lanketak egiteaz gain, hainbat euskal artista eta idazle gertu-gertutik ezagutuko dituzte, baita Euskal Herriko zenbait leku ere. Gazteek euskal idazle bat laguntzaile izango dute une oro egonaldian.

Horrez gain, ikastetxeentzat ere bada saririk: ikastetxeen eta irakasleen ahalegina aitortu eta eskertu nahian, lan kopururik handiena aurkeztu duten bost ikastetxeak ere saritu egingo dira. Hezkuntza Sailaren ‘Idazleak Ikastetxeetan’ programako bina saio egiteko aukera izango dute saritutako ikastetxeek.

Lakuako Hezkuntza Sailak 1986an antolatu zuen lehen aldiz Urruzuno literatura lehiaketa, eta 39. ediziora iritsi da aurten. Hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte.

Gainera, azken hamarkadetako jardunak frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela, irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak baitira gaur egun, literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo gidoigintzan, besteak beste.