GAUR8

Familia harrera espezializatua behar duten haurrak, erakusketa baten protagonistak Gasteizen

Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden eta behar bereziak dituzten haurrak Gasteizko zenbait gizarte etxetan ikusgai egongo den erakusketaren protagonistak dira. Harrera familia espezializatuak bilatzen dira, «armadura emozionalak» ezabatzeko.

Erakusketa iragartzen duen kartela, irudian.
Erakusketa iragartzen duen kartela, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Gasteizko zenbait gizarte etxetan ikusgai egongo den erakusketa bat familia harrera behar duten haurrei eskainita dago, eta haiek dira irudien protagonista nagusiak. «Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean edo zaintzapean dauden eta premia edo zirkunstantzia bereziak dituzten haur eta nerabeak ikusaraztea» da ekimenaren helburua.

Foru Gobernuak nabarmendu duenez, harrera espezializatua behar dute «familia ingurunean bizi ahal izateko eta kalte emozionalak konpontzen laguntzeko».

‘Armadura emozionalak. Inork ez luke armadura batekin hazi beharko’ mezuak eman dio izena erakusketari, eta «haurrak babesteko sisteman dauden haur askoren errealitatea» erakutsi nahi du. «Izan ere, traumatik eta sufrimendutik babesteko, gutxiago sufritzen laguntzen dieten ‘armadura emozionalekin’ bizitzen ikasten dute, eta ez pentsatzen eta ez sentitzen saiatzen dira», azaldu dute Foru Aldunditik.

Nabarmendu dutenez, familia espezializatuek «armadura horiek desmuntatzen lagun dezakete», eta hori ere bilatzen du erakusketak, «neska-mutil horien bizitza aldatzen lagun dezaketen harrera familia espezializatuak».

Erakusketa Pilar gizarte etxean dago ikusgai hilaren 12ra arte; otsailaren 5etik 7ra Iparralden egongo da, eta 20tik 22ra, Salburuan.