GAUR8
Gaur X urte

Duela 44 urte hil zuten talde parapolizialek Karlos Saldise

Garaiko borroka sozialekin konpromiso handia zuen eta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izan zen Karlos Saldise. Talde parapolizialek tiroz hil zuten etxe atarian, Lezon, gaurko egunez 1980an. Ez zen ikerketa ofizialik izan.

Karlos Saldiseri 2020an egindako omenaldia, hil zutenetik 40 urte igarota.
Karlos Saldiseri 2020an egindako omenaldia, hil zutenetik 40 urte igarota. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

1980ko urtarrilaren 16an hil zuten talde parapolizialek Karlos Saldise. Tiroz hil zuten Lezon, etxe atarian. Garai hartako borroka sozial ugarirekin konprometitua, besteak beste amnistiaren aldeko mugimenduarekin, eta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izan zen. Talde paramilitarrek beren gain hartu zuten atentatua eta Gerra Zikinaren biktimatzat hartzen da.

Egiari Zor Fundazioak Estatu terrorismoarekin lotu izan du Saldiseren heriotza eta «zigorgabe» geratu izana salatu du urteotan. Bi talde parapolizialek aldarrikatu zuten Saldiseren heriotza: Batallon Vasco Españolek ‘Egin’-en, eta Grupo Armados Españolesek (GAE) ‘Diario Vasco’-n. Hala ere, kasuak «ez zuen ikerketa ofizialik izan», eta hilabete gutxi batzuetan Justiziak artxibatu egin zuen.

Pasaitarra zen jaiotzaz, baina Karlos Saldise Lezon bizi zen, eta ezaguna zen herrian garaiko hainbat borrokarekiko zuen konpromisoa zela eta. Iñaki Kijera manifestazio batean poliziaren esku hil ondoren, heriotzaren aurkako protestetan begi bat galtzeko zorian egon zen Saldise.

Hil aurretik hainbat aldiz mehatxatu zuten. Bere altzari dendaren ate azpitik gutun azalak sartzen zizkioten, barruan txikituta azaltzen ziren pertsonen irudiak zituztenak, berak ere horrela bukatuko zuela esanez. Behin, kotxeko antena apurtu zioten eta kapotaren gainean ohar bat utzi zioten. Zenbaitetan, bera bertan ez zegoela, etxea arakatu zioten eta, beste behin, Soriako kartzelara bisita egitera egindako bidaia batetik bueltan etxeko atea indarrez irekita aurkitu zuen.