GAUR8

‘3R Gaztea’, ikasleen enplegagarritasunari laguntzeko EHUren programa

Ikasleen enplegagarritasuna hobetzeari zuzenduta, ‘3R Gaztea’ programak eskaintzen duen zerbitzua nabarmendu du EHUk ‘Campusa’ agerkari digitalean. 2020. urtean abiatu zen, eta ordutik 861 lagunek hartu dute parte, eta 300 laneratze baino gehiago lortu ditu.

Ikasleak Ibaetako Campusean, artxiboko irudian.
Ikasleak Ibaetako Campusean, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lan merkatuan sartzeko uneari eskainitako zenbait programa ditu EHUk, eta horien artean, aurten laugarren edizioa duen ‘3R Gaztea’ dago.

EHUk antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du ‘3R Gaztea’ programa. Aipatutako hiru ‘r’-ak gaztelaniazko izenari erantzuten diote, eta birorientatzea, birkualifikatzea eta birkokatzea adierazten dute.

Aurten, 160 lagunek parte hartuko dute «graduaren enplegagarritasuna hobetzea» helburu duen programa horretan.

Ekimenaren arduradunek azaldu dute programak lagunduko duela lan merkatuan sartzen, enpresekin topaketan eginez (enplegu foroak) eta lan eskaintzak eskuratzeko planak diseinatuz.

Enplegu eskaintza potentzialen prospekzioa eta identifikazioa egiteaz gain, «lanpostuak dituzten jarduera ekonomikoko sektoreak identifikatuko dira eta lanpostu horien lanbide profilak aztertuko dira», azaldu dute programaren antolatzaileek ‘Campusa’ agerkarian.

Susana Gonzalez Romulo Aldundiko Enplegu zuzendariak datuak eman ditu: programak 861 lagunen parte hartzea izan du 2020an abian jarri zenetik, horietatik %60 emakumeak izan dira, ehun enpresarekin lan egin da eta 300 laneratze baino gehiago lortu ditu.