GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez jaio zen Edgar Allan Poe idazle estatubatuarra

Gaurko egunez duela 215 urte sortu zen Edgar Allan Poe idazle estatubatuarra, Bostonen. Fantasiazko eta beldurrezko ipuinek egin zuten ezagun, eta idazteaz soilik bizitzea erabaki zuen lehen idazleetako bat izan zen.

Edgar Allan Poe.
Edgar Allan Poe. (Wikimedia Commons)

Edgar Allan Poe Massachusettseko Boston hirian jaio zen, Estatu Batuetan, 1809ko urtarrilaren 19an, hots, duela 215 urte. Poeta, ipuin idazlea eta literatura kritikaria izan zen, historian izan den ezagunenetako bat.

Estatu Batuetako erromantizismo mugimenduko kidetzat jotzen da. Idaztea ogibide izatea erabaki zuen lehenengo estatubatuar idazle ospetsua izanik, bizimodu zaila izan zuen. Haurtzaroa ere ez zuen xamurra izan; aitak familia utzi zuen eta bi urtera ama hil zitzaion, Poek lau urte baino ez zituela.

Narrazioak eta olerkiak idatzi zituen batez ere. Fantasiazko, beldurrezko eta umorezko ipuinen maisu izan zen, eta polizia eta zientzia fikzio generoen aitzindari.

Bere obra genero gotikoaren adibide bikaina da, eta misteriozko eta beldurrezko lanek eman zioten ospea: 'Belea' poemak eta 'Morgue kaleko hilketak' kontakizunak, adibidez, oso ezagun egin ziren, eta gaur egun ere ospea daukate.

Misteriozko narrazioak sortzen zituen, baina bere irudiaren inguruan ere sortu zuen nolabaiteko jakin nahia eta interpretazio eta hipotesi ugari dago bere inguruan.

Maryland estatuko Baltimore hirian hil zen, 1849ko urriaren 7an, 40 urte zituela. Alkoholaren gehiegizko kontsumoak eragindako 'delirium tremens' delako gaitzak jota.